Marixe Noya: "Berdintasuna egunero gure txikitasun eta handitasunean hartzen ditugun erabakietan islatzen da"
Besteak beste, berdintasuna sustatzeko bideratzen diren baliabideak eremu politikoan hartzen diren erabakien ondorioa direla dio Marixe Noya berdintasun teknikariak.
Berdintasun politikek zertarako balio dute?
Berdintasun politikak emakume eta gizonen arteko banaketan eta hierarkizazioan oinarritzen den errealitatean eragiteko tresna dira. Arrakala hori gutxitzeko finkatutako helburu eta bultzatutako ekimenak dira, planifikatuak izan behar dira, eta izango duten inpaktua aurreikusteko eta baloratzeko lana eskatzen dute. Ezinbestekoa da gaian prestakuntza eta sentsibilizazioa izatea: gizarte ereduaren oinarrian dauden diskriminazioak identifikatu behar dira horietan eragiteko eta sistemaren mantentzerako duten funtzioa ulertu behar da. Hau ez da beti erraza izaten, gaiarekiko erresistentziak handiak direlako, gure egunerokotasunean eragina duelako…
Nork egiten ditu berdintasun politikak?
Erakunde pribatu eta publikoek bultzatu behar dituzte. Legeak finkatzen du zein den berdintasun politiken markoa eta zeintzuk diren eragile bakoitzaren betebeharrak. Eremu publikoan administrazio publiko guztiek dute berdintasunaren alde neurriak hartzeko betebeharra. Hori gauzatzeko beharrezkoa da arlo eta eremu guztien inplikazioa. Sarritan, Berdintasun Arloa duten erakundeek, berdintasun politiken garapena hauen esku uzten dute, gainontzeko arloetatik bultzatzen diren politikak berrikusi gabe. Horrela lortuko diren emaitzak mugatuak izango dira, eta ez dute eragingo diskriminazioaren oinarrian dauden egiturazko elementuetan. Horregatik esaten da berdintasun politikek badutela izaera dual hori, bi maila horretan garatu behar direlako. Alde batetik, politika espezifikoak bultzatuz eta bestetik, egiten den politika guztian genero ikuspegia zeharkakotasunez txertatuz.
Berdintasuna politikak sustatzera nahikoa diru publiko bideratzen da?
Berdintasuna sustatzeko bideratzen diren baliabideak eremu politikoan hartzen diren erabakien ondorioa dira. Baita berdintasunak agenda politikoan betetzen duen tokiaren erakusgarrietako bat ere. Aspalditik mugimendu feministak aldarrikatzen duen ‘Bizitza Erdigunean’ jartzearen beharra nabariagoa da azken urtean, baina erakundeen aurrekontuek askotan ez dute bat egiten behar horrekin. Herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta diskriminazio eta injustiziak borrokatzeko politikak «gastu» bezala ulertzen dira sarritan, eta bideratzen diren baliabideak urriegiak dira beti. EAEko erakunde publikoek bataz beste berdintasun politiken sustapenera bideratzen dituzten baliabideak ez dira iristen euren aurrekontu orokorren %0,5era. Esanguratsua da hori.
Zelakoa da gaur egun berdintasunaren errealitatea enpresetan? Errespetatzen da?
Berdintasuna ez da errespetatu beharreko zerbait, sustatu eta praktikatu beharreko zerbait baizik. Berdintasunaren aldeko ekimenek aurretiazko lanketa baten emaitza izan behar dira eta lanketa hori egiteko ezinbestekoa da prestakuntza izatea eta baliabideak bideratzea. Zaila egiten da orokorrean diskriminazio egoerak eta honen oinarriak identifikatzea, hauetako asko normalizatuta eta naturalizatuta ditugulako. Gizarte eredu honetan guztiz onartuta daude, eta eraldaketarako erresistentziak handiak izaten dira. Berdintasunaren aldeko diskurtsoak areagotu diren arren –baita aurkakoak ere–, horien aldeko neurri eraginkorrak hartzeak duen dimentsioa ez da ezagutzen eta asumitzen, bizitzaren eremu guztietan berdintasuna lortzeko, gure sistema sozial, politiko, ekonomiko, familiar eta abarren oinarriak astindu behar direlako.
Enpresa pribatuetan berdintasun politikak ezartzea enpresaren erabakia da?
Berez ez da enpresaren erabakia, 50 langiletik gorako enpresek betebehar legala dutelako, 2020ko 901/2020 Errege Dekretuan finkatzen den bezala. Beraz, nabaritutako gorakadak betebehar legalari erantzuten diola ondoriozta genezake eta ez enpresetako erabaki organoen nahiei. Arriskua planaren lanketa «tramite» bihurtzea da. Helburuak eta ekintzak jasotzen dituen dokumentu bat izatea ez da hain zaila, hau betearaztea da benetako erronka. Horretarako baliabideak, lan egiturak eta dinamikak, eragileen inplikazioa erabaki hartze prozesuetan… bermatu behar dira.
Udalen berdintasun planak garatzen dituzu. Zeintzuk dira jarraitzen diren irizpideak?
Orokorrean eremu publikoan garatzen diren planek Emakunderen plana dute oinarritzat. Baina planak administrazio publikoak EAEn duen egitura eta eskumenen banaketara moldatu behar dira, bakoitzak bere lan eremua duelako eta batzuetan ere, eremu berean 3 mailetako –autonomikoa, forala eta tokikoa– erakundeek parte hartzen dutelako. Helburua hainbat eremutako emakume eta gizonen arteko arrakala gutxitzea da. Lortu gura diren emaitzak eta abian jarriko diren ekimenak epe zehatz baterako plangintzan jasotzen dira, bideratuko diren baliabide eta ekintzen ardura izango duen eragilea ere zehaztuz.
Berdintasun planak osatzerakoan herritarren partaidetza gero eta ohikoagoa da…
Herritarren inplikazioa ezinbestekoa da berdintasun politiken diseinu, jarraipen eta ebaluazioan. Partaidetzak bi beharri erantzun behar liokela uste dut. Batetik, badauka izaera pedagokiko bat: herritarren artean gaiarekiko kontzientziazioa lantzeko balio behar duelako eta aldi berean erakunde publikoen funtzionamendua herritarrengana hurbiltzeko bidea izan behar litzatekeelako. Eta, bestetik, eragin nahi den errealitatearen ezagutza herritarrena delako hein handi baten. Zentzu honetan, ematen diren genero arrakalen inguruko ezagutza handiena hauen aurka borrokatzen diren talde feministek dute, oinarrian dauden elementuak identifikatu eta aurka egiteko gaitasuna dutelako.
Noiz esan ahalko dugu berdintasuna dagoela?
Berdintasuna egunero gure txikitasun eta handitasunean hartzen ditugun erabakietan islatzen da. Bizi eta eraikitzen dugun testuinguruan egunero egin beharreko borroka da. Begiak eta burua irekita izan behar ditugu uneoro etengabe ematen diren diskriminazioen aurrean. Horretarako, jarraitu beharreko bidea argi izatea da garrantzitsuena, jakinik, bide horretan mantentzea dela lortu beharrekoa.