Oholtzara bueltatzeko gogotsu dago Errietan talde mutrikuarra
Talde mutrikuarrak zapatuan [maiatzak 8] aurkeztuko du debut lana. Pandemia garaian sortu eta hazitako pop eta rock ukitua duten zazpi kantuak taularatzeko ilusio berezia dute.
Zuzenekoak emateko egarriz dago Errietan talde mutrikuarra. Hainbeste denbora oholtzak zapaldu gabe egon ostean “musikalki mozkortzeko gogoarekin” daudela azpimarratu dute. Taldearen izen berarekin bataiatutako debut lanaren aurkezpen kontzertua zapatuan [maiatzak 8] egingo dute Mutrikuko Zabiel Plazan.
Amaia Arantzamendi Mote (ahotsa), Nahia Elesgarai eta Leire Elezgarai (gitarrak), Maitalen Aranberria (baxua), Iera Naberan (bateria), Ainhoa Arreitunandia (teklatua) eta Julen Ruizek (saxofoia eta ahotsa) bi emanaldi eskainiko dituzte: 17:30ean emango dute lehenengoa eta 19:00etan bigarrena.
Proiektu berria jendaurrean aurkezteko gogotsu daude taldekideak. Autoekoitzitako lana bada ere, herritar askoren aletxoari esker kaleratu ahal izan dute diskoa. Kontzertuarekin herritarrengandik eta jarraitzaileengandik jaso duten babesa eta maitasuna eskertu nahi dute. “Herri mailan abiarazitako diru bilketari esker finantzatu ahal izan dugu proiektua. Kontzertua lana aurkeztu eta lagundu diguten horiei guztiei eskerrak emateko beste era bat izango da”.
Oholtza gainean sentitzen dira gusturen, eta publikoaren aurrean gozatzera eta dena ematera ateratzen diren horietakoak dira. Hori bai, osasun egoerak hala behartuta, ohituta ez dauden beste formatu batean aurkeztu beharko dute zazpi kantuz osaturiko opera prima. Hala ere, Errietan estilo propioa ez dutela galduko nabarmendu dute. “Formatu aldetik argi daukagu zeinetara mugatu beharko garen, baina, hala ere gure xarmari eutsiko diogu”.
Jendeak diskoa entzutea eta gozatzea nahi dute orain. CD formatuko diskoa oraingoz Mutrikun eta Ondarroan erosi daiteke. Mutrikun Madariaga, Sabina eta Aparra dendetan, Loretxu eta Zubixa tabernetan eta Lasuen-Elezgarai farmazian lortu daiteke lana. Ondarroan, berriz, Gelasio eta Kulixka tabernetan jarri dute salgai. Zaleek, gainera, euskarri digitalean ere lortu dezakete.
‘Begiradak’ bideoklipak izan duen harrera onarekin “harrituta” geratu direla aitortu dute
Pandemia garaian sortu eta hazitako proiektua da diskoa; sentimenduak, emozioak eta bizipenak islatu nahi izan dituzte pop eta rock ukitua duten kantuetan. “Kantuak gure bizipenetan oinarrituta daude, gure esperientziei eta gauzei buruz berba egiten dute. Bizitzako egoera zehatz batzuetan oinarritutako kantuak dira, eta uste dugu jendea ahal dela sentitu identifikatuta esaten denarekin”.
Honako kantuak jaso dituzte: Begiradak, Manta azpian, Inork ez zidan esan, Aske zatxugu matxe, Honaino eta Aukerarik gabe itotzen. Iazko Berdel Egunean ezagutzera eman zuten Nire udaberria kantua ere sartu dute bilduman, baina oraingo honetan hobetutako “bertsioa” jaso dutela diote. “Kantuak aldaketa musikal bat eduki du. Kantua biziagoa da eta melodia aldetik ere indartsuagoa geratu da orain”.
Begiradak-en bideokliparekin aurkeztu dute diskoa. Zaleei dastatzeko eman dien lehenengo goxokia izan da, eta izan duen harrera onarekin “harrituta” geratu direla aitortu dute. Kantuaren bideoklipak egun gutxian 3.000 ikustalditik gora eduki ditu Youtuben. Irratietara ere bidali dute kantua, eta Euskadi Gazteako Di-da saioan euren kantua entzuteak ikaragarri poztu ditu.