Jaurlaritzak onartu egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia
Domekatik aurrera [maiatzak 9] libre mugitu ahalko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ostalaritzak 22:00ak arte irekita egon ahalko du, eta Jaurlaritzak indargabetu egin ditu joko aretoei eta barneko kirol jarduerei zegozkien debekuak ere. Kultura edo merkataritza jarduerek ere 22:00etako muga edukiko dute, baita joko aretoek ere. Neurriak domekan jarriko dituzte indarrean.
Eusko Jaurlaritzak ez dio helegiterik aurkeztuko EAEko Auzitegi Nagusiak hartu duen erabakiari, eta onartu egin du horrek erabaki duena. Ondorioz, zapatu gauean [maiatzak 8] Espainiako Gobernuaren alarma egoera amaitzen denean, ez da mugikortasun mugarik egongo, ez eta etxeratze agindurik eta bilkurak lau pertsonetara mugatzeko bestelako agindurik ere.
Beraz, ostalaritzak 22:00ak arte zabaltzeko aukera edukiko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, orain arte baino bi ordu geroago. Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, joan-etorrien gaineko debekuak indargabetuta ez du zentzurik ostalaritzari, joko aretoei eta barnean egiten diren kirol jarduerei eragiten zien debekuak mantentzea.
Ostalaritzaz gain, gainontzeko kultura edo merkataritza jarduerek ere 22:00etako muga edukiko dute, baita joko aretoek ere.
Aurrerantzean, tabernetako eta jatetxeetako edukierak gehienez ere %50ekoa izango da barrualdean, baina debekatuta jarraituko du barran edo zutik kontsumitzeak. Mahaiek gehienez ere lau lagunekoak izaten jarraituko dute. Bilkurei dagokienez, bertan behera geratu da gehienez lau lagun elkar zitezkeela ezartzen zuen debekua. Bi kasutan soilik mantenduko da: ostalaritzan eta kirolean.
Kirol instalazioen aforoa ere %50ekoa izango da, %35ekoa aldageletan, eta gehienez sei lagunek bildu ahalko dute.
Neurriak malgutzeak, ordea, ez du esan nahi dena libre izango denik. Kirol ekitaldiak ikuslerik gabe egiten jarraituko dute, eta, besteak beste, itxita jarraituko dute elkarte gastronomikoek, gazte lokalek edota gaueko aisialdiarekin lotutako lekuek.
Dena den, lehendakariak esan du frogatuta geratu dela orain arteko neurriak eraginkorrak izan direla, eta herritarrei eskatu die haien borondatez gauez kalean ez ibiltzeko eta lau lagun baino gehiago ez elkartzeko.
Datozen hiru asteak, gakoak. Urkulluren arabera, datozen hiru asteak «gakoak» izango dira. Epe horretan positiboen intzidentzia tasak behera egitea espero du, eta txertaketa erritmoak, berriz, gora. Gogorarazi du egoera epidemiologikoak «kezkagarria» izaten jarraitzen duela, eta ez dela «lasaitzeko unea»: «Azken txanpan gaude, eta horregatik da azken esfortzu bat egiteko une egokia».
Txertaketei dagokienez, aipatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleriaren %15 immunizatuta dagoela jada, eta espero dutela uda aurretik 50 urtetik gorako guztiek gutxienez dosi bat jasota izatea.
Lehendakariak argi utzi du Jaurlaritzaren nahia lehen indarrean zeuden neurri murriztaileekin jarraitzea zela: «Alarma egoera mantendu behar zela esaten jarraitzen dut; beste alternatibaren bat ere bazegoen, baina EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak ez digu beste irtenbiderik utzi». Aipatu du bereziki kezkatzen duela etxe eta gune itxien barnean gerta daitekeenak.