Kasu bakar bat bera ere ez dute erregistratu Lea-Artibai eta Mutrikun
Kasurik erregistratu ez zuten azken eguna otsailaren 28a izan zen. Ordutik intzidentzia tasa handitzen joan da. Markina-Xemeingo osasun eremua ere ez dago gune gorrian. Hirugarren egunez jarraian, hiru lurraldeetako intzidentzia tasak jaisten jarraitzen dute.
Otsailaren 28tik gertatzen ez zen egoera errepikatu zen atzo [maiatzak 6] Lea-Artibai eta Mutrikun: atzokoan kasu bat bere ere ez zuten erregistratu. Azken egunetako beheranzko joerari eutsiz, gaur ere intzidentzia tasa jaitsi egin da lau herritan. Gainera, Markina-Xemeingo osasun eremua ere ez dago gune gorrian, laranjan baizik; 370,43ko intzidentzia tasa dauka; Ondarroako osasun eremuak 554,74ko tasa dauka.
Beraz, Jaurlaritzak gune gorriko herrien zerrenda gaur eguneratuko balu, Etxebarria gune gorritik kanpo geratuko litzateke. Izan ere, nahiz eta herriko intzidentzia tasa 400dik gorakoa izan, azken lau egunetan kasu bakarra erregistratu dute. Eta gogorarazi behar da, 5.000 biztanle baino gutxiago duten herriek gune gorrian sartzeko hiru baldintza bete behar dituztela: 400dik gorako intzidentzia tasa edutzea (betetzen du), azken zazpi egunetan gutxienez 5 kasu erregistratuta edukitzea (ez du betetzen) eta dagokion osasun eremuak 400dik gorako tasa edukitzea (ez du betetzen).
Ondarroako tasa modura, Lekeitioko intzidentzia tasa ere asko jaitsi da azken egunetan, eta gaur [maiatzak 7] 401,27ko tasa dauka.
Dena dela, kontuan hartu behar da EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi dituela itxiera perimetrala eta etxeratze agindua. Beraz, domekatik aurrera [maiatzak 9] nahiz eta herriak/lurraldeak gune gorrian egon, zabalik egongo dira.
Lurraldeak. Arabak 306,47ko tasa dauka (-14 puntu), Bizkaiak 434,80koa (-9 puntu) eta Gipuzkoak 563,53koa (-29 puntu).
Herriz herriko intzidentzia tasa (eguneratuta):
- Amoroto: 0
- Aulesti: 449,10
- Berriatua: 159,11
- Etxebarria: 1.208,05
- Gizaburuaga: 0
- Ispaster: 134,41
- Lekeitio: 401,27 (69 puntu jaitsi da)
- Markina-Xemein: 199
- Mendexa: 635,59 (212 puntu jaitsi da)
- Munitibar: 0
- Mutriku: 263,46 (19 puntu jaitsi da)
- Ondarroa: 583,63 (23 puntu jaitsi da)
- Ziortza-Bolibar: 683,37