Sinadura bilketa hasi du lekeitiar batek, Bizkaibuseko arlanpak hobetzeko eskatzeko
Salatu duenez, Bizkaibuseko plataforma bakar batek ere ez du behar bezala funtzionatzen, eta Bizkaiko Foru Aldundiari kexak helarazi badizkio ere, gehienetan ez duela erantzunik jaso esan du.
Lexuri Badiola Lauzirika lekeitiarra gurpildun aulkian mugitzen da dibertsitate funtzional baten ondorioz, eta sinadura bilketa hasi du Bizkaibuseko autobusek ez dutelako bere eta bere egoeran dauden beste herritarren eskubidea bermatzen. Salatu duenez, Bizkaibuseko plataforma bakar batek ere ez du behar bezala funtzionatzen, eta Bizkaiko Foru Aldundiari kexak helarazi badizkio ere, gehienetan ez duela erantzunik jaso eta jaso izan duenean plataformei “beharrezkoak diren azterketak” egiten zaizkiela adierazi diote. Horren aurrean, sinadura bilketa hastea erabaki du.
“Egunero Lekeitiotik Bilbora doan 06:15eko garraio publikoa erabiltzen dut nire lanpostura joateko, eta arratsaldez Lekeitiora bueltatzeko 16:45eko zerbitzuan erabiltzen dut. Egoera da plataforma bakar batek ere ez duela behar bezala funtzionatzen, eta horregatik, egun batzuetan ezin izaten naizela autobusera igo, eta hurrengoari itxaron behar izaten diodala. Ondorioz, nire lapostura berandu iristen naiz”.
Beste batzuetan autobusera igotzea lortzen duela dio, arlanpak ze arazo ematen dituen ezagutzen duelako eta gidariari berak esaten diolako zer egin behar duen arlanpa atera eta sartzeko. Baina azalpen horiek berak eman behar izatea “lotsagarria” dela dio. “Plataforma guztiak funtzionamendu egokia eduki beharko lukete, eta gidariek horien funtzionamenduaren inguruko ikastaro bat jaso beharko lukete ezustekoei nola erantzun jakiteko”.
Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Sailak bere kexei erantzun izan dienean arlanpei beharrezko azterketak egiten dizkietela esan ohi diote. “Hori zalantzan jartzen dut, arlanpek oraindik ere ez baitute ondo funtzionatzen”.
Sinadura bilketa “erantzun kolektibo bat” emateko asmoaz hasi duela dio. “Ez dut uste arazo hau bakarrik nirea denik, gizarte mailako arazo bat baino”.