Danonartin elkartea sortu zutenei emango diete Zilarrezko Antxoa
Saria emateko ekitaldia zapatuan [maiatzak 15] egingo dute, 12:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. "Egungo egoerari aurre egitea are zailagoa izango zen Danonartin elkartearen laguntzarik gabe".

Juan Jose Bedialauneta Txakartegi, Juana Cabrera Gallego eta Isabel Mata Fuentes ondarrutarrek Zilarrezko Antxoa jasoko dute Ondarroako Udalaren eskutik. Saria zapatuan [maiatzak 15] hartuko dute, 12:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Egoera normalean egonda, egun horretan ospatuko litzateke Ondarroan Antxoa Eguna.
Ondarroako Udalak eta Danonartin elkarteko kideek diote “une berezian” datorrela aitortza: “Inoiz baino familia gehiagori laguntzen die Danonartin elkarteak, eta hein handi batean, beraiei esker da. Beraiek hasi ziren proiektu honekin”.
Oro har, elkarteak egiten duen borondatezko lana azpimarratu dute. “Uste dugu gaur egungo egoerari aurre egitea are zailagoa izango zela Danonartin elkartearen laguntzarik gabe. Funtsezkoak bihurtu dira herriko hainbat familiarentzat eta zer esanik ez ongizate batzordearentzat. Ezin da neurtu Danonartinek egiten duen lana”.
Hamar urteko ibilbidea. Danonartin elkartea ofizialki 2013an eratu bazen ere, urte bi lehenago hasi ziren bidea egiten Cabrera eta Bedialauneta. “Orgatxoa hartu eta dendarik denda joaten ziren jatekoa batzen urte horretako Gabonetan herriko familia bat bera ere jatekorik gabe geratu ez zedin”. Hiru herritarrek ereindako hazi hartatik ernaldu zen gero Danonartin. “Orgatxo batekin hasi ziren janaria batzen, eta azken bilketa berezian 3.546 kilo elikagai batzera iritsi da Danonartin”.
Iazko saria. Iazko Zilarrezko Antxoa Artibai Egoitzako langileentzako izan bazen ere, osasun egoera dela-eta ezin izan zietela merezitako aitortza egin esan dute. “Uste dugu egoitzako langileei Zilarrezko Antxoa ematerakoan bertan egon behar direla bai egoiliarrak, bai horien senideak eta baita gainontzeko herritarrak ere, guztiok eskaini diezaiegun merezi duten omenaldia. Behar beste itxarongo dugu, oroigarria emateko unea festa bat izatea nahi dugulako, bai omenduentzat eta baita Artibai egoitzako egoiliarrentzat ere”, esan du Zunbeltz Bedialauneta ibaibarriaga alkateak.