Ehunka lagun batu dira Lea-Artibai eta Mutrikuko tontorretan
650 tontor jendez betetzeko deia egin zuen zapaturako Sarek. Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek ere erronka onartu eta hamabost gailur jendez bete zituzten.
Izan Bidea dinamikaren baitan, Euskal Herri osoko milaka herritarrek euskal presoen auziari aterabidea emateko aldarrikapena mendietara eraman zuten zapatuan [maiatzak 8]. Lea-Artibai eta Mutrikuko herritarrek ere ondo erantzun zuten; Sareren deialdiari erantzunez, ehunka herritar elkartu ziren tontorrik kuttunenetan.
Aulesti, Berriatua, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Mutriku, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarko herritarrek ez zioten Sareren deialdiari hutsik egin. Herri bakoitzeko tontor bat edo bat baino gehiago igo zituzten herritarrek. Eguraldi ona lagun, hamabost menditara egin zituzten ibilaldiak, honakoetara: Urregarai, Bedartzaundi, Kalamendi, Otoio, Mendibil, Itxoiñomendi, Siñoitz, Akarregi, Zapola, Baldakotxuntxurra, Motrollu, Arno, Urkamendi, Tontorramendi eta Garindua gaina.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Tontorretan batu zirenek talde argazkiak atera zituzten, modu sinbolikoan presoen etxeratzea eskatzeko. Amaitzeko, Sareren izenean komunikatu bera irakurri zuten herririk herri egin ziren ekitaldietan. Presoen etxeratzearen auziari behin betiko amaiera ematea eskatu zuten. Urruntze politika bertan behera laga eta preso guztiei gradu progresioa aplikatzea exijitu zituzten, besteak beste. “Ibilian-ibilian aurrera goaz, baina oraindik bidea dugu egiteko”.
Presoen eta iheslarien gaia konpontzeko bidea ez dela erraza izango aurreikusi dute protestaren antolatzaileek. Helburua lortzeko, jendeari mobiliza dadin eskatu zioten. Hurrengo hilabeteetan Izan Bidea egitasmoarekin jarraituko dute, dozenaka ekintza antolatuz.