Herriko igogailuetan kalte gehiago eragin dituztela salatu du Ondarroako Udalak
Azken asteetan kalteak errepikatuz doazela azpimarratu dute. Kamiñaldeko igogailuaren konponketek 15.000 euro baino gehiagoko kostua izango dutela aurreratu dute.
Asteburuan Iparkaleko igogailua erasotu dutela jakitera eman du Ondarroako Udalak. Zehaztu dutenez, igogailu barruko hormak pintaketaz beteta agertu dira. Ezezagunek igogailuaren aginte paneleko kableak ere moztu egin dituztela esan dute. “Pieza bat apurtu eta handik ahots bidezko informazioa ematen duen sistemaren kablea moztu dute”. Kalteak eragin badituzte ere, igogailuak martxan jarraitzen duela azpimarratu dute.
Pintaketak ahalik eta arinen kentzeko asmoa agertu du udalak. “Esprai zuriagaz egin dituzte pintaketak. Tamaina oso handikoak dira. Ez dakigu garbitasuneko langileek dituzten produktuekin kentzea posible izango den”.
Kamiñaldeko igogailuak, berriz, matxuratuta jarraitzen du. Igogailuaren mantenuaz arduratzen diren Orona enpresako teknikariak gaur [maiatzak 10] etorri dira. “Bi eskaintza ekarri dituzte eskuartean; horietatik egokiena eta azkarrena aukeratuko da. Teknikariek ez digute aurreratu zenbat denboran egingo dituzten lanak, baina lanek kostu handia edukiko dutela esan digute, 15.000 eurotik gorakoa“.