Lekeitioko Amandarri, bigarren Euskadiko distantzia luzeko txapelketan
Zapatuan [maiatzak 8] Murgian lehiatu zen duatloian parte hartu zuten Amandarrikoek. Ioana Osa ondarrutarrak brontzezko domina irabazi du.

Emaitza onak batzen jarraitzen dute Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeko kirolariek. Zapatuan [maiatzak 8] Zuiako Duatloia lehiatu zen Murgian, distantzia luzeko Euskadiko Txapelketa, eta Amandarrik berriro ere emaitza bikaina lortu zuen talde modura gizonezkoetan, zilarrezko domina eskuratuz.
Guztira, hamar taldekidek parte hartu zuten Zuiako Duatloian, eta egun horretan egin zuen beroak eraginda, lehiaketa gogorra izan zela azpimarratu dute. Lehenengo hamarren artean geratu ziren Aitor Regillaga Beloki (3:17:27) eta Ander Lazkano Letamendi (3:22:22), seigarren eta zortzigarren hurrenez hurren. Regillaga gainera, lehenengoa geratu zen beteranoen lehen mailan. Hamarreko lehen talde horretatik hurre geratu ziren bai eta Haritz garate Txurruka, sailkapen orokorrean hamabigarrena (3:28:34) eta Oier Kareaga Laka lehen mailako beteranoetan laugarrena geratu zen (3:31:12).
Ioana Osa Larruzea ondarrutarra, berriz, podio gainera igo zen, duatloian 3. postuan geratu ondoren. 3:55:31 denboran osatu zuen proba Ondarroako kirolariak.

Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldeko kirolariak Zuiako Duatloian, emaitzak ospatzen. Argazkia: Amandarri