Markina-Xemeingo Berakruz ikastola First Lego Leagueko Espainiako finalerako sailkatu da
Donostiako sariketan egon dira Markina-Xemeingo DBH4 mailako ikasleak, eta Berrikuntzaren Proiektuaren saria jaso dute.

10 eta 16 urte bitarteko 400 ikaslek parte hartu zuten zapatuan [maiatzak 8] lehiatu zen First Lego League Euskadi txapelketan. Donostiako sariketan egon ziren Markina-Xemeingo DBH4 mailako ikasleak, eta sari nagusietako bategaz bueltatu ziren handik, hain zuzen ere, Berrikuntzaren Proiektuaren saria jaso dute. Horrela, ekainean jokatuko den Espainiako First Lego League lehiaketarako sailkatu dira. Guztira, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako sei talde sailkatu dira ekainean jokatuko den Espainiako First Lego League lehiaketarako, tartean Berakruzekoa.
Sedentarismoa ekiditeko, herrietan izaten diren aire zabaleko kirol gune publikoak gazteentzako erakargarriagoak izatea proposatu dute euren proiektuagaz Berakruzeko ikasleek. Kirola egitea proposatzen diete gazteei, bere ahaleginagaz energia sortzeko eta ondorioz, beraien mugikorra kargatu ahal izateko. Proiektu horregaz gazteak kirol gehiago egitera bultzatu nahi dituzte, bide batez, aire libreko kirol gune publikoen erabilera herriko talde ezberdinetara zabalduz eta energia jasangarrien erabilera sustatuz agenda 2030aren barne.
Hamalau ikaslek osatu dute Donostiako sariketan parte hartu duen Energear taldea: Ainhoa Egia, Zuberoa Azpiazu, Mirari Moreno, Malen Perez, Irene Urionabarrenetxea, Aitor Unzalu, Eneko Agirreoa, Asier Aretxabaleta, Ianire Uriarte, Andrea Martinez de Luco, Garazi Mandaluniz, Izaro Martinez, Maria Arrate eta Joanes Solozabal.