Gorka Aulestia ohorezko euskaltzaina zendu da
Ondarrutarra astelehenean [maiatzak 10] hil zen Gasteizen (hantxe zuen bizitokia), 88 urte zituela. Eguaztenean [maiatzak 12] emango diote azken agurra, 18:30ean, Gasteizko Pilareko Andre Mariaren parrokian. Ondarroan beste elizkizun bat egingo dute aurrerago.
Izatez irakaslea bazen ere, euskal literaturan aditua zen; zehazki, aztertzailea eta hiztegi egilea zen. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1996ko martxoaren 29an, eta ohorezko 2010eko urtarrilaren 29an. Euskaltzaindian Literatura Ikerketa batzordean egin zuen lan batez ere, 1991tik aurrera. Euskaltzaindiak azpimarratu duenez, ondarrutarra “euskaltzale fina” zen. Andres Urrutia euskaltzainburuak ere ondarrutarrarentzako berba batzuk eskaini nahi izan ditu. “Gorka Aulestia, Ondarroatik mundu zabalera, euskara eta literatura bitarteko”.
Ondarroan jaio zen 1932ko abenduaren 11n. Gaztetan filosofia eta teologia ikasi zituen eta ekonomian ere lizentziatu zen Bilboko Deustuko Unibertsitatean. 1958an abade izendatu ondoren, Bakio, Otxarkoaga, Chàteau-Thierry (Frantzia), Katanga (Kongoko Errepublika) eta Gernika-Lumoko abadea izan zen. “Arrazoi politikoek behartuta”, 1975ean sekularizatu egin zen eta abade izateari laga zion.
Hamabi liburu eta 200 artikulutik gora idatzi ditu ondarrutarrak
70. hamarkadan AEBetara emigratu zuen, eta han, frantsez eta espainiar filologiako masterra egin zuen. 1987an Euskal Ikasketei buruzko doktoretza egin zuen Nevadako unibertsitatean; Bertsolaritza: ahozko literatura inprobisatua Euskal Herrian izeneko tesia garatu zuen. Aurretik, 1976 eta 1979 artean, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen programan euskara editorea izan zen. 1980 eta 1988 artean, Euskal Ikasketen programan lexikografo eta irakasle moduan ere lan egin zuen. Hurrengo urteetan irakasle laguntzaile moduan ere aritu zen.
1988an bueltatu zen Euskal Herrira, eta urtebete geroago, euskal literaturako irakasle modura lanean hasi zen Donostiako Deustuko Unibertsitatean; 2000. urtean erretiratu zen, baina euskalgintzan lanean jarraitu zuen.
Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez lan ugari kaleratu ditu; hainbat liburu eta ehunka artikulu idatzi zituen. Hiztegi egile modura hiru lan kaleratu zituen: Basque-English Dictionary 1989an, English-Basque Dictionary 1990an eta Basque-English, English-Basque Dictionary 1992an. Euskara eta euskal kulturaren alde erbestetik lanean jardun zutenen ekarpena ere batu zuen 2009an kaleratutako Estigmatizados por la guerra eta 2011n kaleratutako Escritores euskericos contemporaneos lanetan.