Mutrikuko amonite erraldoien bildumaren jabeei aitortza egin diete
Jesus Mari Narvaezek eta Esperanza Azkarragak 40 urte baino gehiago eman dituzte Mutrikuko Flysch Beltzaren labarretan fosilak batzen. Egindako lanagatik eta batutako amonite erraldoien bilduma osorik Mutrikuko herriari uzteagatik omenaldia egin diete.
Mutrikuko Udalak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak omenaldia egin diete gaur [maiatzak 12] Jesus Mari Narvaez eta Esperanza Azkarraga senar-emazteei, urte hauetan guztietan fosilak deskubritzen egindako lanagatik eta munduko amonite erraldoien bildumarik aipagarrienetako bat Mutrikuko herriari uzteagatik. Ekitaldian azpimarratu dutenez, senar-emazteek aurkitutako “altxor geologikoa” Mutrikuko ondare bihurtu da orain.
Narvaez eta Azkarraga paleontogoko afizionatuak dira eta Bergarakoak dira izatez, baina orduak eta orduak eman dituzte Mutrikuko itsasertzean duela milioika urteko aztarnak aurkitzen.”Bi bildumagileek Mutrikuko Flysch Beltzaren labarretatik ateratako 150 amonite erraldoien bilduma oso-osorik Mutrikun dago gordeta orain. 40 urte baino gehiago eman dituzte fosilak batzen eta, egindako lanari esker, orain arte deskribatutako amonite erraldoien bilduma handiena dugu gurean”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkate eta Geoparkeko presidenteak eskerrak eman ditu bilduma “jatorrizko lekutik ahalik eta hurbilen” gera dadin Narvaezek eta Azkarragak hasieratik erakutsi duten interesagatik. “Jakin badakigu aukerak eduki dituzuela bilduma zoragarri hori nahi izan duzuen tokiraino eramateko, baina zuen apustua beti izan da Mutrikun geratzea; hau da, bere etxean geratzea. Iruditzen zait Mutrikuko herria, Geoparkea eta Euskal Herria ere zorretan geratzen direla zuekin betiko. Udala ondare historiko hori babesteaz eta bilduma honen historia zabaltzeaz arduratuko da”.
Herriko agintariak pozik dagoela gaineratu du, “Jesus Mari eta Esperanzari urte hauetan guztietan egindako lanagatik aintzatespen hori eskaini ahal izateagatik”. Senar-emazteei, ondoren, “herritar guztien izenean” oroigarri bat eman die. Esker onaren lekukotasun modura, gainera, eta egin duten lana eta ekarpena eskertzeko, plaka bat ere ipini dute Burumendi hondartzaren sarbidean.
Gipuzkoako hainbat tokitan sakabanatuta zeuden 150 amonite batu dituzte Nautilus Ikerketa eta Didaktika gela berrian; hain handiak eta horrenbeste ez daude beste inon
Omenduek hunkituta jaso dute oroigarria. Narvaezen hitzetan gaurkoa “oso egun pozgarria” izan da. Eskerrak ematearekin batera, ilusionatuta daudela azpimarratu dute. “Lana gustura egin dugu, zaletasun bat izan da guretzako. Pieza hauek hemen hasi ginen ateratzen, eta pieza hauek bertan geratu behar zirela argi eduki dugu beti. Lanak Mutrikun eta Geoparkean geratu direlako oso pozik nago”.
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Orain arte Gipuzkoako hainbat tokitan sakabanatuta zeuden amoniteak, berriz, Nautilus Ikerketa eta Didaktika Gelan batu dituzte. 150 amonite batu dituzte guztira; hain handiak eta horrenbeste ez daude beste inon. Mutrikuko Udalak eta Geoparkeak futbol zelaiaren aurrean egokitu duten gela berria gaur inaugurutatu dute. Lehenengo bisitariak ere jaso ditu. Mutrikuko Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleek gelan lantzeko prestatutako unitate didaktikoko jarduerak egin dituzte.
Gela berriak 2007an inauguratu zen Nautilus Interpretazio Geologiko zentroaren lan zientifiko eta geologikoa osatzen du. Bilduma gela batean bateratzeak etorkizuneko ikerketa proiektuak sustatzeko balioko dutela esan dute. Beronen helburua nagusia da “inguratzen gaituen ondare paleontologikoa kontserbatzea eta baliostea”; Geoeskolak hezkuntza programarako azpiegitura bihurtu nahi dute. “Programa horren helburua da Geoparkearen ondare naturala ezagutaraztea, bereziki, Mutrikuko, Debako eta Zumaiako ikasleen artean”.