Identifikatu dute Ondarroako kale garbitzaileak erasotu zituen herritarra
Kale garbiltzaileen ibilgailuan perdigoi tiro bategaz eragindako kalteak ordaintzera behartu dute. Lankide erasotuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute udal langileek.
Udaltzaingoa ikerketa horren nondik norako guztiak batzen dituen behin betiko txostena prestatzen ari da orain Eusko Jaurlaritzari eta dagokion epaitegiari informazio guztia helarazteko. Erasoa jasan zuten langileek, horien zerbitzuburuak eta sindikatuen ordezkariek ere ikerketari buruzko informazio guztia lehen eskutik jaso dutela azpimarratu dute; informazioa, hain zuzen, udaltzainburuaren, alkatearen eta Lanarigo batzordeburuaren eskutik jaso dute.
Ondarroako Udalak kale garbiltzaileen ibilgailuan perdigoi tiro bategaz eragindako kalteak ordaintzera behartu du erasoa gauzatu zuen pertsona. Diotenez, hor amaitzen da euren eskumena. “Armen erabilera desegokiarengatik jaso beharreko isuna Eusko Jaurlaritzak ezarriko dio, berak dauka horretarako eskumena eta”.
Gertaera. Udal brigadako bi langileen aurkako erasoa maiatzaren 1ean gertatu zen. Pertsona batek arrautzak eta margoa jaurti zizkien lehenengo, eta gero perdigoi tiro bat bota zuen brigadako langileen ibilgailura, barruan inor ez zegoenean; erasoaren ondorioz, ibilgailuaren atzeko kristala apurtu zen. Langileek ez zuten minik hartu eta udalak babes guztia eman zien bi langileei.
Udal langileek ere elkartasuna adierazi nahi izan diete lankide erasotuei. Beldurrik ez daukagu! lelopean elkarretaratzea egingo dute eguenean [maiatzak 13], 12:00etan, Itsasaurren.