Erasoa gaitzetsi eta babesa agertu diete Ondarroako bi kale garbitzaileei
Udal langileek erasoaren "larritasuna" azpimarratu dute, eta halako erasorik ez dutela onartzen esan dute.

Maiatzaren 1ean Ondarroan erasotu zitzuten bi kale garbitzaileei babesa adierazteko eta ekintza salatzeko elkarretaratze jendetsua egin dute gaur [maiatzak 13] eguerdian Itsasaurre plazan. Ez gara ikustezinak, udal langileak gara. Gu zaindu, guk herria zaintzeko leloa zeraman pankartaren atzean elkartu diren udal langileek lankideek jasandako erasoa gaitzetsi dute. Mobilizazioagaz bat egin duten beste hainbat herritarrek ere elkartasuna agertu diete.
Udal brigadako bi langileen aurkako erasoa maiatzaren 1ean gertatu zen. Pertsona batek arrautzak eta margoa jaurti zieten lehenengo, eta gero perdigoi tiro bat bota zuen langileen ibilgailura, barruan inor ez zegoenean; erasoaren ondorioz, ibilgailuaren atzeko kristala apurtu zen.
Udaltzaingoak erasotzailea identifikatu du eta eragindako kalteak ordaintzera behartu dute
Udal langileek erasoaren “larritasuna” azpimarratu dute, eta halako erasorik ez dutela onartzen esan dute. Euren aurkako erasoak behin baino gehiagotan errepikatu direla ere gaineratu dute. “Ez da lehen aldia”. Hala ere, euren lana egiten jarraituko dutela esan dute. “Batzuk, badirudi, langileen aurka indarkeria erabiliz izua sortu nahi dutela. Ez gara beldur, hemen gaude eta hemen egongo gara! Tiroa jaso eta hurrengo egunean ere, gure arma xumeak eskuetan hartuta, leku berera bueltatu behar izan ginen lanera, jasandako amorrazio, umiliazio, inpotentzia eta trantze txarrarekin!”.
Arduradunei euren beharrak kontuan hartu eta prekarietatearekin amaitzea eskatu diete. “Urteak daramatzagu ikustezin izaten eta herriagatik eta herriarentzako lanean. Momentu prekarioak bizitu ditugu guztiok. Herriarentzako une zailak, galerak, suteak eta material faltak, eta horrek gure esfortsua bikoitzen dute. Gabeziak gabezi, egunero dena emanez irteten gara kalera. COVID-19 garaian ere, herria zaindu eta txukun eta garbi mantendu dugu”.
Erasotzailea, idenfitikatuta. Ondarroako Udaltzaingoak, berriz, erasotzailea identifikatu du eta kale garbitzaileen ibilgailuan perdigoi tiro bategaz eragindako kalteak ordaintzera behartu du. Udaltzaingoa ikerketaren nondik norako guztiak batzen dituen behin betiko txostena prestatzen ari da orain Eusko Jaurlaritzari eta dagokion epaitegiari informazio guztia helarazteko.