Izurde bat agertu da Lekeitioko hondartzan, eta hil egin da
Herritarrek berriro uretaratzeko ahalegina egin badute ere, azkenean animalia hil egin da.

Gaur [maiatzak 13] goizean izurde bat agertu da Lekeitioko Isuntza hondartzan. Korronteak zetazeoa hondartzara eraman du, eta goizeko lehen orduetan hondartzan eta inguruan ibili diren herritarrek bizirik zegoela esan dute. Animalia berriro uretaratzen ahalegindu dira, baina handik gutxira hil egin da.
Hil ostean gorpua agertu den tokia eta inguruak zintagaz hesitu dituzte. Ambar Itsas Faunaren Ikerketa eta Babesaren Elkarteko aditu talde bat ere bertaratu da; izurde marraduna (Stenella coeruleoalba) arra eta gaztea zela esan dute. Gorpua Plentziako Itsas Estazioa Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentrora eraman dute nekropsia egiteko.