Boluntarioak kukaña berria ipintzeko lanean ari direla esan dute
Zapatuan apurtu zen Ondarroako kukaña. Udalak esan du ez dakitela nola apurtu den, eta 2018an enbor berria ipini zutenak ere "harrituta" daudela gaineratu dute.
2018an kukaña berria ipini zuten Ondarroan, eta zapatuan [maiatzak 15] enborra apurtu egin zen. Ondarroako Udal ordezkariek esan dute ez dakitela ze arrazoirengatik apurtu den azpiegitura. “2018an kukaña ipini zuten boluntarioak ere harrituta daude. Tratatuta dagoen egurra da, eta irauteko eginda zegoen. Kukañaren egurra aukeratu ostean lau hilabete egon zen sikatzen, eta ostean harotzek eta adituek tratatu zuten”.
Uda sasoian azpiegitura oso erabilia dela esan dute, eta boluntarioak dagoeneko beste enbor bat bilatzen hasita daudela gaineratu dute. “2018an pinua ipini zuten, eta orain beste zuhaitz mota bat ipiniko dute”. Dena dela, enborra aukeratu eta gero, egurra tratatu egin beharko dela argitu dute.
Bien bitartean, udaltzainek kukaña ingurua hesituta daukate, eta herritarrei eskatu diete hesitutako gunera ez sartzeko eta seinaleztapena errespetatzeko. Eta berria ipintzen dutenean ere erabilera arauak errespetatzeko gogorarazi dute. “Kukaña gainean ezin da kulunkatu. Eta aldi berean bi pertsona baino gehiago ere ezin dira egon enborraren gainean”.