Danonartin elkarteko kideek esker onez jaso dute Zilarrezko Antxoa
Juan Jose Bedialauneta Txakartegik, Juana Cabrera Gallegok eta Isabel Mata Fuentesek oso eskertuta eta hunkituta jaso dute saria. Elkartean gaur egun lanean ari direnei eurek hasitako bideari jarraipena emateko eskatu diete.
Aurten ere ezin izan da Ondarroako Antxoa Egunik ospatu, baina urteroko ohiturari jarraituz, Zilarrezko Antxoa banatzeko aukera egon zen zapatuan [maiatzak 15]. Iragarrita zegoen modura, Danonartin elkarteko sortzaileek jaso zuten sari preziatua; Kofradia Zaharrean egin zen ekitaldi xume eta hunkigarri batean egin zieten “merezitako” aitortza.
Juan Jose Bedialauneta Txakartegik, Juana Cabrera Gallegok eta Isabel Mata Fuentesek oso eskertuta eta hunkituta jaso zuten oroigarria udal ordezkarien eskutik. Hirurek eskerrak eman zioten Ondarroako Udalari, saria ematerako garaian eurekin gogoratzeagatik. Danonartin elkartean gaur egun lanean ari diren egungo arduradunei eta boluntarioei, ostera, eurek duela hamarkada bat hasitako bideari jarraipena emateko eskatu zieten.
Saria jasotzerako sasoian, herriak orain arte erakutsi duen “erantzun ona” azpimarratu zuen Bedialaunetak. Herrian janari bilketa egiten hasi zirenean jaso zuten erantzunak harritu egin zituela esan zuen, eta gerora ere herriak ondo erantzuten jarraitu duela. “Zelako herria dugun azaltzeko orduan asko esan nahi du horrek”. Aurrera begira ere ahalegin horri eusteko eskatu zuen.
Sariari dagokionez, elkarteak orain arte egin duen “borondatezko lana” aitortu nahi izan du udalak. “Funtsezkoak bihurtu dira herriko hainbat familiarentzat eta zer esanik ez ongizate batzordearentzat. Ezin da neurtu Danonartinek egiten duen lana. Eskerrik asko Juan Jose, Juana eta Isabel zuek hasitako beharragatik eta herriari eta herritarrei emandako guztiagatik”.