Espainiako zesta-punta txapelketako final-laurdenak eguazten honetan jokatuko dira Ispasterren
Gizonezkoen banakako txapelketako zortzi puntistak lortu dute final-laurdenetarako pasea, euren artean daude Markinako Danel Mandiola eta Alex Goitiandia eta Mutrikuko Danok Bat taldeko Mikel Manzisidor.
Aste honetan jokatuko dira Ispasterren Espainiako Zesta-Punta Txapelketako gizonezkoen banakako final-laurdenak eta finalaurrekoek eta emakumeen binakako txapelketako finalaurrekoak. Partidaz betetako asteburu baten ostean, erabakita geratu dira finalistak.
Zapatuan [maiatzak 15] eta domekan [maiatzak 16] jokatu ziren Ispasterko frontoian ligako partiduak. Guztira, 27 norgehiagoka egon ziren, emakume zein gizonezkoenak. Partida bikainak eskaini zituzten puntistek, maila ona erakutsita. Guztiena, orokorrean, baina batez ere nesken lana azpimarratu du Roberto Lekue Espainiako Selekzioko hautatzaileak. “Frontoi txikian gustura aritu ziren neskak, eta maila oso ona erakutsi zuten”.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Herrialde Katalenetako puntistak parte hartzen ari dira txapelketan, eta horietatik zortzi puntistak egin dute aurrera gizonezkoen norgehiagokan: Eduardo Agirrek (Zumaiako A), Alex Goitiandia (Markina A), Mikel Manzisidor (Mutrikuko Danok Bat), Urko Lekerika (Gernika-Lumoko Euskal Jai), Danel Mandiola (Markina B), Aaron Gonzalez (Gasteiz), Victor Hernandez (Donostia A) eta Gonzalo Agirre (Zumaiako B).
Gizonezko horiek guztiek eguaztenean [maiatzak 19] jokatuko dituzte final-laurdenak. 17:00etan hasiko dira partidak. Lehenengoan Mikel Manzisidor (Danok Bat) eta Urko Lekerika (Euskal Jai) neurtuko dira, ondoren Eduardo Agirrek (Zumaiako A) eta Victor Hernandez (Donostia A); hirugarren partida Alex Goitiandiaren (Markina A) eta Gonzalo Agirreren (Zumaiako B) artekoa izango da, eta azkenik, Aaron Gonzalez (Gasteiz) eta Danel Mandiola (Markina B) aurkituko dira aurrez aurre.
Finalaurrekoak. Bai gizonezkoen zein emakumezkoen finalaurrekoak eguenean [maiatzak 20] jokatuko dira. Gizonekoei dagokionez, eguazteneko irabazleek jokatuko dituzte, emakumeen kasuan, berriz, erabakita daude finalaurrekoak.
Guztira, nesken lau bikote ailegatu dira finalaurrekoetara: Naroa Merino eta Eneritz Lizardi (Mutrikuko Danok Bat), Erika Mugartegi eta Arai Lejardi (Markina A) eta Berriatuko bikote bi: Ihart Arakistain-Maialen Aldazabal eta Elaia Gogenola eta Naia Calvo. Lehenengo biak elkarren aurka ariko dira lehenengo partidan, eta Berriatuko biko biak neurtuko dira ondoren. 17:00etan hasiko dira finalaurrekoak gizonezkoen partidekin, eta jarraian jokatuko dute neskek.
Finalak Iruñeko Labrit frontoian jokatuko dira zapatuan [maiatzak 22] 12:00etan.