Etxebarriko EH Bilduk onarpena eman dio HAPOri, desadostasunekin
Erabakia hartzeko, plan orokorra bere osotasunean baloratzea erabaki dute. Nemak enpresaren aparkalekua da, hain zuzen ere, "gustuko ez duten puntua".
Etxebarriko EH Bilduk HAPO onartzeko arrazoiak argitu ditu. Azaldu dutenez, nahiz eta prozesuan jasotako guztiagaz ados ez egon, behin behineko onarpenari baiezkoa ematea erabaki zuten “herriaren etorkizunera begira aukera eta ate berriak zabaltzen dituela” uste dutelako. “Argi daukagu HAPO hau ez dela Etxebarriko EH Bilduk egingo lukeen bezalakoa. Prozesua eta egiteko modua desberdinak izango lirateke, eta egindakoaren gaineko balorazioa egitea beharrezkoa iruditzen zaigu”, zehaztu dute.
Koalizioaren esanetan, HAPO “oso prozesu garrantzitsua da Etxebarriko herritarrentzat eta herriaren etorkizunari begira”, eta herritarren parte hartzea “ezinbestekoa” dela ikusten dute. “Prozesuaren hasieratik ari gara esaten prozesua herritarrei irekita egotea ezinbestekoa zela. Gure ustez, herritarrek jakitun egon beharko lukete herriaren etorkizuna baldintzatuko duen prozesua zelan doan, eta edozein momentutan euren iritzia emateko aukera izan beharko lukete, horretarako marko ezberdinak zabalduz eta parte hartzeko aukerak eskainiz”.
Esan dutenez, horregatik eskatu zuten, behin-behineko onarpena eman aurretik, herritarrei HAPOren aurkezpen bat egitea: “Bertan ikusi genuenez, aukera emandakoan, herritarrek gogotsu parte hartzen dute, eta ikusi da zeresana eta interesa badutela herriko kontuetan. Uste dugu garrantzitsua dela edozein gairen inguruan, udaletik, herritarren parte hartzea bultzatzen jarraitzea”.
HAPOn jasotako erabaki batzuen aldeko agertu da Etxebarriko EH Bildu, baina badago gustatu ez zaien puntu bat ere. Horrela, alde batetik, HAPOk ahalbidetzen dituen etxebizitza aukera ezberdinak positiboki baloratu dituzte, diotenez, “modu horretan Errekarten eraiki barik geratu ziren etxebizitzen egoerari irtenbide bat eman ahalko zaiolako”. Eta, baserrietan etxebizitzen kopurua handitzeko egin den proposamena ere azpimarratu dute: “Guzti honek gure herriari bultzada handia eman diezaiokeela uste dugu”.
Baina, bestalde, Nemak enpresako aparkalekuaren erabakiagaz ez daude ados. “Hasierako proposamenetik aparkalekuak gutxitu badira ere, dagoen mugikortasun arazoari aurre egiteko beste aukera baten aldekoak gara. Horretarako, eskualdeko mugikortasun plan erreal bat egitea beharrezkoa dela ikusten dugu, zirkulazioa eta kutsadura gutxitzeko. Gainera, esan nahi genuke aparkalekuari eman zaion industrigune izendapenagaz ez gaudela ados”.
Hala ere, uste dute garrantzitsua dela HAPO bera modu globalean hartzea HAPOri buruzko erabakia hartzeko. Hori dela eta, “nahiz eta guztiagaz ados ez egon”, onespena eman diote plan orokor berriari.