Hirugarren txapela jantzi du Eneko Sagarmendik
Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketaren finala hirugarrenez irabazi du Mutrikuko palistak. Xabier Arizkorretarekin batera 25-20 irabazi du Iraitz Huegunen eta Jurdan Arakistainen aurkako neurketa.
Txapelketa osoan egindako lan bikaina borobildu dute Eneko Sagarmendi mutrikuarrak eta Xabier Arizkorreta hernaniarrak Euskal Pilota Egokitua IV. Master Cup txapelketaren finalean. Aurreikuspenak beteta, domekan [maiatzak 16] Getariako Sahatsaga kiroldegiko pilotalekuan Iraitz Huegun donostiarraren eta Jurdan Arakistain zestoarraren aurka jokatu zuten norgehiagoka 25-20 irabazi zuten. Hirugarren txapela izan da Mutrikuko atzelariarentzat eta lehenengoa Hernaniko aurrelariarentzat.
Espero zen modura, finala estua eta lehiatua izan zen; emozioa amaierara arte protagonista izan zen. Sagarmendi eta Arizkorreta lehendabiziko pilotakadetatik markagailuan aurrean ipini ziren; euren erritmoa ezarri zuten hasiera-hasieratik partidaren agintea hartuz. Aurkariek lan txukuna eginda berdinketa lortzeko ahalegin guztiak egin zituzten partiduaren bigarren zatian, eta estutzen saiatu baziren ere tanto bakarrera ipini ziren (20-19). Baina azken txanpan gogotik lan eginda Sagarmendik eta Arizkorretak ez zuten arazorik eduki garaile ateratzeko.
Txapela irabazteko faboritoak baziren ere, lana gogotik egin behar izan zuten.
Palista mutrikuarrak beste behin ere joko ederra eta maila ona erakutsi zuen kantxan. Sendo, indartsu eta orekatu jokatu zuen atzean, segurtasun handiarekin, eta tanto politak egin zituen. Pelotari konpletoa da, kantxan pazientzia handia erakusten duen horietakoa; jokoan itxaron egiten du tantoari bukaera emateko momentua ailegatu arte.
Poz handiz jantzi du Master Cup txapelketako hirugarren txapela. Finalera ailegatu eta txapela lortzeak “poza eta ilusioa” eragin diola dio. Txapela jasotzerako orduan gertuko jendearekin gogoratu zen, eta ohi modura, horiei eskaini zien txapela. Espero zuen modura finala “gogorra” izan zela aitortu du. Txapela irabazteko faboritoak baziren ere, lana gogotik egin behar izan zuten. “Espero nuen modura, final oso gogorra eta parekatua izan da. Iraitzek indar handia dauka, denetan sartzen da, eta eutsi egin behar zaio beti. Bikote lan ona egin dugu eta txapela lortu dugu”.