Isuntzakoak lau podiumetan sartu dira Bizkaiko Trainerilla Txapelketan
Isuntzako mutil gazteak Bizkaiko txapeldun geratu dira, eta neskak txapeldunorde. Absolutuetan hirugarren sailkatu dira emakumezkoak zein gizonezkoak. Ondarrutarrak, berriz, txapeldunorde geratu dira emakumezkoen absolutu kategorian.
Asteburuan Ondarroan lehiatu dute Bizkaiko Trainerilla Txapelketa. Gazte mailan, Isuntzako mutilen taldea da aurtengo txapelduna, eta nesken taldea, berriz, txapeldunorde geratu da. Ondarroakoek, berriz, emakumezkoen absolutu mailan lortu dituzte zilarrezko dominak.
Lekeitioko arraun taldea lau finaletako podiumetan sartu da aurten. Aipatutako urreaz eta zilarraz gain, brontzezko dominak irabazi ditu absolutu mailan.
Gazte mailan, Isuntzako mutilek 16.42,26 denboragaz lortu zuten bandera, atzo goizean. Hamalau segundo eta 27 ehuneneko aldea atera zieten Itsasoko Amakoei. Deustu izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 47 segundo eta 18 ehunenera sailkatuta. Ondarru eta Elantxobe sailkatu ziren laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren. Ondarrutarrek Isuntzakoengandik 54 segundo eta 44 ehunenera amaiatu zuten estropada.
Nesken finalean Kaiku nagusitu zen: 18.57,07. Harengandik 28 segundo eta 84 ehunenera amaitu zuen Isuntza bigarrenak, eta Deusturentza izan zen brontzea (19.43,81). Ondarru laugarren sailkatu zen, Kaikurengandik 50 segundo eta 34 ehunenera.
Absolutuei dagokienez, emakumezkoen lehian, Deustuk, Ondarruk eta Isuntzak osatu zuten podiuma. Hamazazpi minutu, 28 segundo eta 98 ehunenean burutu zuten estropada Deustukoek. 38 segundo eta 43 ehuneneko aldea atera zieten Ondarroakoei, eta 51 segundo eta 73 ehunenekoa Isuntzakoei. Mundaka eta Portugalete laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Gizonezkoetan, Itsasoko Ama izan zen azkarrena: 14.47,81. Hamabi segundo eta 45 ehunenera sailkatu zen Zierbena, eta Isuntzarentzat izan zen hirugarren postua. Isuntza Itsasoko Amarengandik hamasei segundo eta 25 ehunenera geratu zen. Podiumetik kanpo geratu ziren Bermeo eta Arkote.
Gipuzkoako Txapelketa. Bestalde, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan finaletik kanpo geratu zen absoltu mailan Mutrikuko gizonezkoen taldea. Zapatuko sailkapen estropadan zortzigarren sailkatu zen, Hondarribia irabazlearengandik minutu bat, hamar segundo eta 91 ehunenera. Hain zuzen, atzoko finalean Hondarribiak irabazi zuen bandera. Emakumezkoetan, ostera, Donostiarrak irabazi zuen urrezko domina. Gazte mailan, berriz, nesketan Hibaikak eta gizonezkoetan Zumaiak lortu zuten garaipena.
Bestalde, kategoria horretako B taldeek Gipuzkoako Federazio Saria jokatu dute, eta Mutriku laugarren sailkatu zen atzoko finalean. Getaria izan zen azkarrena, 15.05,33 markagaz, eta talde mutrikuarrak harengandik minutu bat, bi segundo eta 22 ehunenera amaitu zuen.