Kalteak eragin dituzte Etxelilaren eta Gaztelekuaren eraikinean
Eraikinaren kanpoko aldean pintaketak egiteaz gain, eraikinaren kanpoko eserlekuak eta barruko beste zenbait elementu apurtu egin dituztela salatu dute.
Ondarroako Udalak salatu duenez, asteburuan pintaketak egin dituzte Gaztelekuaren eta Etxelilaren eraikinaren kanpoko aldean. Horrez gain, barruan ere kalteak eragin dituzte ezezagunek. “Eraikinaren kanpoan dauden horma-irudietako pintaketak aurreko astetik eginda daudela uste dugu”.
Udal ordezkariek esan dutenez, uste dute kalteak maiatzaren 14tik 15era bitartean eragin dituztela. “Zapatu [maiatzak 15] arratsaldean begiraleak Gaztelekua zabaltzera joan zirenean ohartu ziren kalteak egin zituztela”. Pintaketez gain, beste kalte batzuk ere eragin dituztela salatu dute. “Eraikinaren sarreran dauden eserlekuak apurtu egin zituzten, eta baita ere Gaztelekuko erabiltzaileek tailerretan eginda zituzten eskulanak. Horrez gain, beste hainbat azpiegitura ere apurtuta eta botata agertu ziren”. Etxelilari dagokionez, barandaren bueltan dauden lorontziak apurtuta eta botata agertu ziren.
Azaldu dute pintaketa horiek guztiak garbitzeaz udal brigadako langileak arduratuko direla. Eta gaineratu dute Gaztelekua duela gutxi margotu eta berritu zutela. Kalteak direla eta, Gaztelekua itxita egon da asteburuan.