Markina-Xemeingo EH Bilduk basogintza plan baten beharra ikusi du
Bi egunetakoko Basogintza jardunaldiak antolatu ditu koalizioak, eta ondorio ugari atera dituzte. Eskualde mailako lanketa bat egitea ere beharrezkotzat jo dute.
Azken urteetan, maiatzaren 15ean den Baserritarren Egunaren haritik Baserri Eguna antolatu izan dute Markina-Xemeinen. Baina, aurten azokarik ezta ekimenik ez zegoenez, landaguneko gaien inguruko lanketagaz jarraitzea erabaki dute EH Bilduko kideek. Horrela, bi eguneko basogintza jardunaldiak antolatu dituzte, eta emaitzagaz pozik geratu dira; jardunaldien balorazio positiboa egin dute.
“Markina-Xemein lur eremuz oso zabala dela kontuan hartuz eta pinudiek jasandako gaitzaren eraginez, erabat aldatuz doa inguruotako basogintza. Basogintzaren fase berri batean gaudenez, beharrezkoa da hausnarketarako tresnak edukitzea. Horregatik, Errez Kooperatibako biologo bat eta mendi ingienari bat gonbidatu ditugu gurekin batera lanketa espezifikoa egitera”, azaldu dute.
Jardunaldia. Bi egunetan luzatu da EH Bilduk antolatutako jardunaldia. Alde batetik hitzaldi bat eskaini zuten, eta 30 herritar elkartu ziren bertan Errez Kooperatibakoen ezagupenak entzuteko. “Egungo egoera aztertu zen, eta etorkizunerako jendarte eta herri moduan ditugun hausnarketa desberdinak planteatu ziren”.
Zapatuan [maiatzak 15], berriz, gaur eguneko basoen egoera aztertu zuten Arnoatetik hasita, pinudien egoera eta eukalipto landaketa besteak beste, eta ondoren, herri basoetara abiatu ziren Santiago bidetik barrena: “90. hamarkadan egindako pago eta pinu landaketak ikusi genituen bertan, eta bukatzeko, Erribaso izenez ezagutzen den gailurrera igo eta inguruetako bailaretako basoen egoera aztertu genuen”.
Ondorioak. EH Bildukoek esan dutenez, adituekin egindako lanketagaz zein jardunaldien bidez jakintza ugari pilatzeko aukera eduki dute: “Bai era publikoan zein pribatuan aplikatzeko tresnak jaso ditugu”. Eta ondorio batzuk ere atera dituzte. Diotenez, informazio falta handia dago eta lanketagaz jarraitu behar da informazioa zabalduz. Basogintza epe luzera begira aztertu behar dela eta erakunde publikoek lanketa handiagoa egin behar dutela ere ondorioztatu dute: “Lanketa espezifikoa egitea beharrezkoa da, ingurumen eta ekonomi ikuspuntutik, basogintza plan bat behar da. Lur publikoen kudeaketa berrikusi eta lur publikoak ugaritzeko lur sail gehiago erosi behar dira, eta herri lur publikoak izatearen garrantzia balioan ipini behar da, kulturalki, sozialki eta ekonomikoki izan duten eta eduki behar luketen garrantzia azpimarratuz”.
Eskualde mailako lanketa bat egitea ere beharrezkoa dela ere ikusi dute. “Basoek ez dute mugarik ezagutzen eta denon artean norabide bat finkatzea beharrezko ikusten dugu”.