Lexuri Badiola: "Ezin naiz denda eta taberna askotara sartu arrapalarik ez dagoelako"
Lekeitiarra gurpildun aulkian mugitzen da aniztasun funtzional baten ondorioz, eta sinadura bilketa hasi du Bizkaibuseko plataformak hobetzeko eskatuz. Bere eskaera erantzun handia izaten ari da. Dio iriste erraztasuna ez dela garraiora mugatzen.
Zelako martxa darama abiarazi duzun sinadura bilketak?
Oso arrakastatsua izaten ari da lehenengo momentutik. Orain dela aste bete hasi zen martxan kanpaina eta nire sare sozial guztietan egin nuen publiko. Nahiko denbora gutxian 6.000 sinaduratik gora batu nituen eta momentu honetan 10.210 sinadura baino gehiago daude. Gizartearen aldetik jasotako erantzunagaz oso pozik nago, ez nuen espero sinadura bilketak horrelako harrera izango zuenik.
Epe muga bat jarri diozu sinadurak batzeari?
Ez dauka epe mugarik, nire asmoa kanpainari hiru bat aste ematea zen, eta horiekin sinadura guztiekin aldundian aurkeztea eta adieraztea zein den nire errealitatea eta beste askorena, eta zeintzuk oztopo izaten ditugun.
Zelan animatu zinen salaketa hau egitera?
Gizarte zerbitzuetan egiten dut lan Getxon, eta autobusa nire lanpostura heldu ahal izateko egunero behar dudan zerbitzu bat da, egunero joan-etorria egiten dut Lekeitiotik Bilbora garraio publikoan. Orain arte kexak jartzen nituen, baina ez nuen erantzunik jasotzen, edo jasotzen banuen, plataformek azterketak pasatu dituztela erantzuten zidaten, eta estrategia aldatzea erabaki dut. Ni egunero nabil zerbitzu honetan eta ikusten dut plataformek arazoak ematen dituztela, eta gainera, berdinak izaten dira. Hori dela eta zalantzan jartzen dut azterketena. Normalean arazoa izaten da plataformak ez duela irteten edo irteten denean erdian geratzen dela, edo heldulekuak ez direla igotzen. Plataforma bakoitzak bere historia dauka, baina egia da akatsak izaten jarraitzen dutela.
Autobusekin izaten duzun lehen arazoa da ala izan dituzu gehiago aurretik?
Eduki ditut. Orain lanean ari naiz, eta maiztasun handiagoagaz hartzen dut garraio hau, baina lehen ere erabiltzen nuen eta izaten nituen arazoak, arazo berdinak. Orain gehiago erabiltzen dudanez gehiago jabetzen naiz, egunero noa eta, gainera, ez da eguna igarotzera edo erosketak egitera joaten naizela, beharrera noa, funtzio profesional batzuekin, eta azkenean, fitxatzeko ordu bat daukat eta konpromiso laboralak eta pertsonenganakoak ere bai. Azken baten nik pertsonekin egiten dut lan, eta ezin naiz beharrera berandu ailegatzen egon pitxin-pitxian.
“Astebeteko epean aldundiak bilera batera deitu nau”
Lanean eragin dizu ondoriorik horrek egoera horrek?
Lanean ez dut oztoporik eduki. Ni gizarte zerbitzuetan nago eta eskuzabaltasun pixka bat dugu ordutegi aldetik, eta orain, pandemiagaz, oraindik gehiago zabaldu dira ordutegiak. Baina, naiz eta eskuzabaltasun hori eduki, agenda bat daukat eta jendea dago hitzordua hartuta. Ez da bakarrik noiz ailegatzen naizen ni, baizik eta lan egiten dudan jendearekiko errespetua. Azkenean, jendeak ordu bat hartuta dauka nigaz egoteko; gure agendak gainezka egoten dira eta gaitza egiten da ordua hartzea, eta beraz, alde horretatik, errespetua zor diot jendeari.
Aldundiaren erantzunik eduki duzu?
Ez nekien erantzun bat jasoko nuen edo ez. Espero nuen zer edo zelan erantzun bat jasotzea, baina ez horren arin. Astebeteko epean aldundiak bilera batera deitu nau. Bilera horretan aldundiko arduradunak, Bizkaibus enpresakoek, Fekoor elkarteko iriste erraztasuna eramaten duten arduradunak eta abokatuak eta neuk parte hartu genuen. Bost puntu nagusi adostu ziren.
Zeintzuk izan ziren puntu horiek?
Lehenengoa izango litzateke plataformen azterketa. Autobusak garajean daudenean, plataformak pisuagaz berrikusi daitezela adostu zen, 100 kg-tik gora pisatzen duen zer edo zeregaz, funtzionatzen duten ala ez ikusteko. Horrez gain, gidariei prestakuntza bat ematea erabaki zen, plataforma horrek huts eginez gero zer egin behar duten jakin ahal izateko. Ez bakarrik funtzionamendu aldetik, gidariak jakitea baita ere zelan gidatu behar duen gurpildun pertsona bat autobusean daramanean. 2019an aldundiak indarrean jarri zuen agindu bati buruz ere hitz egin genuen. Horren arabera, plataformak huts egiten badu, plataforma behar duen pertsonak 15 minutuko tartean ez badauka ibilbide hori egiteko beste zerbitzurik, taxi bat jarri behar diote dohainik joan behar den lekura iristeko. Horren aurrean adierazi nien nik askotan eskatu dudala taxia eta ezetz esan zaidala. Momentu horretan aldundiko pertsona batek esan zuen hori berak sinatuta dagoela eta bete behar den gauza bat dela. Gustatuko litzaidake argi geratzea, batez ere nire moduko egoeran daudenentzat, araudi hori badagoela, eta araudi hori betetzen ez bada gure eskubideen alde borrokatzeko, guk ez badugu egiten inork ez du egingo gugatik eta.
“Garrantzitsua da aldundia eta udalak koordinatuta egotea”
Zertaz gehiago aritu zineten?
Adibidez, geraleku baten plataforma atera behar bada eta plataforma hori ateratzeko lekurik egokiena ez bada, autobusak pixka bat aurrerako geratu ahal izatea, pertsonak egoki jaitsi ahal izateko. Puntu garrantzitsuenetariko bat da, baita ere, aldundiaren eta udalen arteko koordinazioaren puntua, udalerri ezberdinetan dauden geltokiak zelan dauden ikusi eta aldaketarik behar balitz, egin ahal izateko. Lekeitioren kasuan, esaterako, aldatzean dago geltokia apurtxo bat, eta gertatu daiteke plataforma ateratzeko arazoak egotea. Beraz, garrantzitsua da aldundia eta udalak koordinatuta egotea. Lekeitiori dagokionez, komentatu zen, eurak jarriko zirela alkateagaz harremanetan koordinaketa hori egiteko. Nik puntu horietatik guztietatik bi azpimarratuko nituzke: 2019ko agindua jakitera ematea eta ordena hori ez bada betetzen hala eskatzea, eta, gero, koordinazioarena.
Orokorrean, zenbateraino esango zenuke dagoela bermatuta irizte erraztasuna?
Iriste erraztasunaren gaia ez da arlo bakar batera mugatzen. Faltan egon daiteke garraio publikoan, kasu honetan bezala, baina ez gara ahaztu behar garraioetatik kanpo ere beste zailtasun batzuk izaten ditugula. Egunerokotasunean gertatzen zait, adibidez, nire herriko denda batera sartu nahi dudanean, kasu askotan ezin naizela sartu arrapalarik ez dagoelako, eta kasu horretan dendakoa kanpora ateratzen da eta kanpoan ematen dit zerbitzua. Nik neuk nire izaeragatik ez daukat arazorik eta normaltzat daukat, baina hori ez litzateke normaltzat hartu beharko. Errealitatea hori da, eta ez diot itxiko gauzak erosteari kalean arreta eman behar didatelako, baina egoera hori aldatu beharko litzateke; dendak eta tabernak egokituta egotea garrantzitsua da. Irisgarritasuna batez ere zenbait esparrutara zuzenduta dago, baina ez da ahaztu behar pertsonak esparru desberdinetan mugitzen garela gure egunerokotasunean, eta aisialdia ere oso garrantzitsua da gure bizi proiektuaren garapenean zeresan handia daukalako. Gurpil-aulki batean gauden pertsonak, tabernen arabera, ezin gara sartu, eta zer esanik ez parranda batean bada. Urrunera joan barik, nire herrian aurkitzen ditut oztopoak, ez dago bermatuta irisgarritasun unibertsal hori.
“Nik uste dut eguneroko borroka geurea dela. Fekoor ezin da egon niri gertatzen zaidan guztiaren aurrean erantzuten”
Horren aurrean, zelan jokatu beharko litzateke?
Egia da orain dela urte batzuk egon nintzela planteamendu hori udalean aurkeztekotan eta denda edo ostalaritzari laguntzea eskatzea pentsatzen, guztiek arrapala bat eduki dezaten, esate baterako. Hori bermatzea, behintzat. Badaukat hori ideiaori buruan, baina ez naiz ipini horretara buru-belarri. Momentu honetan niregan eragin handiagoa duen arazo batean zentratu naiz, baina ez dut azaldu dudana bigarren planoan geratzerik nahi, denak dauka-eta bere garrantzia. Pertsona moduan hazteko, maila desberdinetan elikatu behar gara, eta nahi eta nahi ez taberna harremanak egiteko espazioa da, ez bakarra baina bai espazioetako bat.
Espaloiak, eskailerak, galtzada-harriak… leku danetan daude oztopoak.
Lekeitiarra izanda zer esango dizut galtzada-harriei buruz (barrez). Lehen Lekeitioko alde zaharrean dena zen galtzada-harria eta, gainera, harritik harrira espazio handiagaz. Orain asko hobetuta dago. Lekeitio mailan obra asko egin dira eta, agian, buelta handiagoa eman beharra daukat iristeko, baina lekuetara heltzeko aukera dago. Arazo handiena tabernetan eta dendetan ikusten dut. Denok joaten gara dendetara. Gizarte honetan gero eta jende gehiago egongo da aniztasun funtzional fisikoa daukana. Onartu behar dugu denok zahartuko garela eta denon beharrizanak aldatuko direla. Momentu honetan nireak dira beharrizan horiek, nire egituragatik eta gurpildun batean nagoelako, baina urteak denontzako igarotzen dira, eta urteak pasatzen direnean gure beharrak aldatuz doaz. Prestatu egin beharko dugu gizartea ondorengoentzat, ezta? Jendea zahartzen doa, beharrizanak ezberdinak izango dira eta irisgarritasuna gehiago begiratu beharko da. Gainera, gaur egun nahikoa jende jaiotzen da aniztasun bategaz ere, ez dira kasu isolatuak, lehen bezala ikusten ez zirenak; XX. mendean irisgarritasunaren gaia pil-pilean dagoen gaia da. Bistaratu behar den gaia da, eta izan dudan arazoa konpontzeagaz gainera, aniztasun funtzionala daukagunok bigarren plano horretatik atera eta gizarte honen parte garela ikustea nahi izan dut.
Elkarteren baten babesik badaukazue edozein arazoren aurrean bertara jotzeko?
Bileran Fekoor egon zen nigaz, aniztasun funtzional fisikoa eta organikoa duten Bizkaiko elkartea. Nik Fekoor orain dela gutxi ezagutu nuen, gizarte hezkuntzako ikasketak egiten ari nintzela; bertan egin nituen praktikak eta ezagutu nuen elkartearen lana. Sinadura bilketa hau hasi dudanean Fekoor harremanetan jarri da nigaz, eta eurak ere bilerara etorriko zirela esan zidaten. Lagunduta joan naiz, beraz, bilerara. Hala ere, uste dut batzuetan aniztasun funtzionala daukagun pertsonen artean joera handia dagoela beste batzuek gure gauzengatik borrokatzeko. Nik uste dut eguneroko borroka geurea dela. Fekoor ezin da egon niri gertatzen zaidan guztiaren aurrean erantzuten. Guk ahotsa daukagu, irizpide batzuk ditugu eta gure adierazpenak eman ditzakegu. Nik ez dut esaten denen kasuan izan behar dela horrela, dituzun mugen arabera oso gaitza izan daiteke-eta ezin duzulako, baina beste profil askotan ez da horrela, eta nik batzuetan utzikeria pixka bat ikusi dut. Egin behar dena borrokatzea da, kexa bat ez baduzu sartzen ez du balio ezertarako, ez dauka eragin sozialik eta eraginik ez daukan momentutik ez goaz inora. Beraz, lanketa bat egin behar da benetan, eta era zuzen baten eragiten dugun pertsonen aktibismoa bultzatu behar da. Inork ezin ditu borrokatu zure eskubideak zuk baino hobeto, zeuk dakizulako ondoen gertatzen ari dena, eta emozionalki ere zeu ikutzen zaituelako.