Ondarroako Udalak 550 euro eman dizkie herriko ostalariei
Guztira 35 ostalaritza establezimenduk jasoko dute diru laguntza. Aurreratu dute merkatariei eta zerbitzuei laguntzeko bonuak argitaratuko dituztela udan.
Pandemia dela-eta ostalaritza establezimenduek itxi egin behar zuten. Eta diru laguntza galera horiei aurre egiten laguntzeko dela esan dute. Azaldu dute laguntza Lea Artibai Garapen Agentziaren bitartez eman dutela, eta eskaera egin zuten ostalariek jasoko dutela. Guztira 19.250 euroko diru saila bideratu dute laguntza horietara (35 ostalaritza establezimendu).
“Pandemia hasi zenean, udalak ahal duen mailan laguntzeko konpromisoa hartu zuen herriko ostalari eta merkatariekin, eta apurka-apurka bada ere bagoaz ahal dugun laguntza guztia ematen”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak. “Azken batean gure herrian dagoen sektore garrantzitsuenetako bat dira ostalaritza eta merkataritza”.
Bonuak, udan. Ostalariei emandako diru laguntzaz gain, udara begira merkataritza eta zerbitzuetara bideratutako bonuak aterako dituztela esan dute. “Zatozte elkartearekin elkarlanean, bonuak nola, noiz eta zein formatutan atera lantzen ari gara”. Horri dagokionez, esan dute udalak argitaratzen dituen bonuek beti erantzun ona” edukitzen dutela, “bai herritarren artean eta baita merkatarien artean ere”.
Bonuekin, gainera, bi helburu betetzen direla esan dute: herriko merkatariei laguntzea eta herritarren eroste ahalmena handitzea. “Herria eta herritarrak dira laguntza horien ardatza”.