Berriatua eta Mutriku, Espainiako zesta-punta txapelketako irabazleak
Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal izan dira nesken txapelketako irabazleak, eta Mikel Manzisidorrek irabazi du mutilen kategoriako banakoa.
36 metroko frontoian jokatu den 23 urtez azpiko Espainiako Kluben arteko Txapelketa irabazi dute Berriatuak eta Danok Bat klubetako puntistek. Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal izan dira nesken txapelketako irabazleak, eta Mikel Manzisidorrek irabazi du mutilen kategoriako banakoa.
Ligaxka, final-laurdenak eta finalaurrekoak Ispasterren jokatuta, Iruñeko Labriten erabaki da Espainiako Txapelketa. Nesketan Berriatuko Ihart eta Maialen eta Mutrikuko Danok Bat pilota elkarteko Naroa Merino eta Eneritz Lizardi neurtu ziren. Final polita eskaini zuten lau puntistek, maila bikaina erakutsiz. Bi setetan erabaki zen partida; lehenengoan pareko ibili ziren bikoteak eta 15-10 nagusitu ziren Ihart eta Maialen, bigarrenean, berriz, berriatuarrak mutrikuarrak baino gehiago izan ziren, 15-5 irabazi zuten.
Mutilen txapelketa, berriz, hiru set-era erabaki zen. Partida gogorra jokatu zuten Mikel Manzisidorrek eta Gasteizko Aaron Gonzalezek. Lehenengo setean 15-7 irabazi zuen Aaronek eta bigarrena Manzisidorrek 11-15. Azken setean ere pareko ibili ziren puntista biak, baina Manzik hiru tanto atera eta aurrera egin zuen. 11-15 nagusitu zen mutrikuarra.