Gipuzkoako Buruz Buruko Pala Txapelketa irabazi du Eneko Sagarmendi mutrikuarrak
Gipuzkoako XI. Euskal pilota egokituko txapelketako partidu guztiak irabazi ditu. Finalean Joseba Altuna eta Iraitz Huegun mendean hartu ondoren beste txapel bat irabazita "pozez zoratzen" dagoela azaldu du.
Eneko Sagarmendi pala jokalari mutrikuarra, Gipuzkoako Buruz Buruko txapelarekin soinean. Argazkia: Esti Sagarmendi. Eneko Sagarmendi pilotari mutrikuarrak garaipenak eta txapelak pilatzen jarraitzen du. Asteburu honetan Gipuzkoako XI. Euskal pilota egokituko txapelketaren buruz burukoa irabazi berri du. Zapatuan [maiatzak 22] finaleko bi partidu jokatu zituen Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan, eta biak irabazita, txapela bereganatu zuen. “Txapelketan jokatu ditudan partidu guztiak irabazi ditut: seitik sei. Astebetean bi txapel eskuratu ditut, eta pozez zoratzen nago”.
Jardunaldiko lehen partidua erraz irabazi zuen Joseba Altuna errenteriarraren aurka; 15-8 irabazi zuen. Sagarmendik azaldu duenez, lasai jokatu zuen eta inolako urduritasunik gabe kantxan agintzeko aukera eduki zuen lehen tantotik.
Jardunaldiko bigarren partidua oso bestelakoa izan zen. 15-12 irabazi zuen Iraitz Huegun donostiarraren aurka, baina aurkaria mendean hartzeko gogotik lan egin behar izan zuen kantxan. Biak ala biak esperientzia handiko pilotariak dira, eta elkarren jokoa ondo ezagutzen dute; final bat baino gehiago jokatu dute elkarren aurka. Norgehiagoka parekatu eta estua jokatu zuten. Bi aurkariek ederto astindu zuten pala, eta tanto ederrak ikusteko aukera ere eskaini zuten.

Eneko Sagarmendi eta Iraitz Huegun. Argazkia: Esti Sagarmendi.
Hasieratik berdinduta ibili ziren markagailuan; bi tanto gorabehera ibili ziren ia partidu guztian. Norgehiagokaren azken zatian ere parekatuta zeuden, eta une horretan ez zen batere argi ikusten nor izan zitekeen irabazlea. Zati erabakigarri horretan, Sagarmendik aurkaria estutzea erabaki zuen, eta baita asmatu ere. “Partiduaren zati batean Iraitz aurretik jarri bazen ere, partiduari buelta emango niola konfidantzarekin nengoen, eta hala izan zen. Azken zatian, buruarekin jokatu eta estrategia aldatzera erabaki nuen; ez nintzen batere urduri ipini”.
Buruz buruko txapelketa amaitu ondoren, binakako txapelketari ekiteko gogotsu dago palista mutrikuarra. Ekainean hasiko da txapelketa eta iragarri duenez, Aritz Lertxundi zarauztarrarekin batera osatuko du bikotea. “Ondo pasatu eta txapelketaz gozatzeko asmoa daukat”.