Lea-Artibaiko atletak dominaz beteta bueltatu dira Bizkaiko Txapelketatik
Eskualdeko sei atleta Bizkaiko txapeldun geratu dira. Lekeitioko Tximista taldekoen eta Durango KTn dauden Lea-Artibaiko atleten artean 21 domina irabazi dituzte Durangon.
Euskadiko txapelketan egin modura, 18 eta 20 urtez azpiko Bizkaiko Atletismo Txapelketan ere marka bikainak lortu dituzte Lea-Artibaiko atletek. Lekeitioko Tximista taldeko hiru kide eta Durango Kirol Taldeko eskualdeko hiru atleta Bizkaiko txapeldun geratu dira. Klub lekeitiarrak hiru urrezko domina, zazpi zilarrezko eta bi brontzezko lortu zituen. Durangarrean dauden eskualdeko ordezkariek, berriz, zazpi urre eta bi zilar eskuratu zituzten.
Tximistako Amets Amutxastegi mailu jaurtiketan, Alaine Imaz luzera proban eta Nora Zatika 400 m-ko lasterketan Bizkaiko txapeldun geratu dira. Gainera, Zatika 400m hesian eta Imaz pisu jaurtiketan txapeldunorde geratu dira.
Zilarrezko domina lortu zuten, baita ere, Mikel Odiagak (mailu jaurtiketa), Nora Agirrek (xabalina), Leire Alonsok (xabalinan eta disko jaurtiketan) eta Jule Arkotxak (1.500m). Odiaga hiru podiumetan sartu zen; mailu jaurtiketako zilarraz gain, xabalina eta pisu jaurtiketen probetan brontzezko dominak irabazi zituen.
Bestalde, Durangoko taldetik, Sarai Larrinaga etxebarritarra hiru modalitatetan geratu da txapeldun: pisu, disko eta xabalina jaurtiketetan. Eta haren herrikide den Sara Asenjok ere urrezko dominak lortu zituen pisu eta disko probetan. Xabat Oar-Arteta aulestiarra 400m hesi eta luzera probetan geratu zen txapeldun.
Igor Jaio aulestiarra xabalina jaurtiketan eta Urtza Agirre ondarrutarra 800m-ko lasterketan txapeldunorde geratu ziren.