Markina-Xemeingo Murga basoa zabalduko dute herritarrentzat
Eguenean irekiko ditu ateak. Udalak gunea egokitu du erabilgarri egoteko. Eremua bi gunetan banatuta dago.
Urteetan harresien atzean ezkutatuta egon den Murga jauregiko basoaz gozatzeko aukera edukiko dute markina-xemeindarrek. Markina-Xemeingo Udalak eta basoaren jabeek zortzi urterako hitzarmena adostu dute, eta eguenean [maiatzak 27] 13:00etan irekiko dituzte ateak.
Jakitera eman dutenez, 2019ko abuztuan hasi zen udala Abesua kalean dagoen basoaren jabeekin harremanetan, herritarrek ere basoa erabili ahal izateko, eta bien arteko adostasuna lortuta, erabilera publikoko baso pribatu gisa erabiltzeko hitzarmena sinatu dute. «Jabeak ahalmena izango du lagapen epe hori bete baino lehen akordioa indarrik gabe uzteko, baina, kasu horretan, jabeak kalte-ordaina eman beharko dio udalari, honek parkean egindako hobekuntzen kostuaren parte proportzionala itzuliz», argitu dute.
Eremua erabilgarri egoteko hobekuntzak egin behar izan ditu udalak. Zehazki, bi inbertsio izan dira nagusienak: alde batetik, bertako fauna eta flora berreskuratu dituzte, eta horri lotuta, bertako zuhaitzen zaintza bere gain hartuko du udalak datozen zortzi urteetan. Bestalde, ibilbide batzuk egokitu dituzte barruan. «Hain zuzen, lehendik zeuden bideetako batzuk mantendu eta egokitu dira, eta ez da bide berririk ireki. Jesarlekuak ere ipini dira hainbat puntutan».
Bilera. Udalak azaldu duenez, egokitze lan horiek egin aurretik bilera bat egin zuten gunean bertan «espazioaren egoera ekologikoa eta berau publikora zabaltzeko zeuden aukerak aztertzeko». Bilera horretan alkateak, arkitektoak, idazkariak, aparejadoreak Murga familiakoek, Lea Artibai Amankomunazgoko ingurumen teknikariak eta lanak burutu dituen enpresako ordezkariak parte hartu zuten. «Lanekin hasi orduko, Amankomunazgoko ingurumen teknikariak eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek egindako bi txostenak hartu ziren kontuan, eta bertan zehazturiko irizpideak jarraitu dira. Horrez gain, hainbat herritarren partetik jasotako gomendioak ere hartu dira kontuan». Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek ere jarraitu dituzte lanak.
Bidarte Dorreko Parkea izena izango du aisialdirako gune berriak, eta lasaitasun eremu bat izatea nahi dute: «bertan atseden hartu, irakurri, paseatu eta ingurune natural batean aisialdiaz gozatu ahal izan dezaten herritarrek».
Aurreratu dutenez, bi gunetan banatzen da eremua: alde batetik parkea bera dago, ibilbideekin, eta bestetik, baso eremua. «Basoaren eremuan dagoen zuhaizti handia, haritz eta pagoz josita, eremu ekologiko moduan kontsideratu da. Beraz, eremu horretan bizi diren espezieen habitata babesteko, parkearen eremura mugatzea eta baso eremura ez sartzea eskatzen zaie herritarrei».
Ingurua zaintzeko eta parkearen erabilera arduratsua egiteko eskaera ere egin dute udaletik. «Hala, debekatuta dago bizikletak, patineteak, patinak edo antzeko elementuak erabiltzea parke barruan, eta baita baloi, pilota edo antzeko elementuekin egiten diren kirol-jarduerak praktikatzea ere».
Etxetxoa dagoen eremura ez gerturatzea, jarri diren hiri altzariak zaintzea eta zaborrik ez uztea ere eskatu dute. «Hondakinak jasotzeko edukiontziak jarri dira parkearen sarreran».
Ordutegia. Parkeak urte sasoiaren arabera ordutegi bat edo beste edukiko du:
- Apiriletik irailera, 09:00etatik 21:00etara egongo da zabalik;
- Azarotik otsailera, 09:00etatik 17:00etara;
- Martxoa eta urria, 09:00etatik 19:00etara.
Abuztuan, berriz, itxita egongo da eta baita egun haizetsuetan ere. « Parkearen sarreran informazio praktikoa jasotzen duen plaka jarri da. Plaka horretan QR kode bat ere ipini da. Bertan argazkia aterata, guneari buruzko informazio gehigarria jaso daiteke www.markinaxemeinturismo.eus webguneko Ondarearen Ibilbidea atalean».
Parkerako sarbidea ere egokitu du udalak, iriste erraztasuna bermatzeko. Horretarako, parkearen sarreran zebra-bidea egin dute, eta horrez gain, bizikletak uzteko tokia ere jarri dute parean.