Ondarroako Mugimendu Feministak elkartasuna adierazi dio 2018an sexu erasoa salatu zuen emakumeari
Emakumeak herritar baten aurkako salaketa jarri zuen. Orain, ia hiru urte beranduago, akusatua absolbitu egin dute. Horren aurrean, Ondarroako Mugimendu Feministako kideek ondoko mezua helarazi diote salatzaileari: "Sinisten dizugu!".
2018ko ekainaren 13an Ondarroako emakume batek sexu erasoa jasan zuela salatu zuen. Inputatua bakarra zen, eta ikertua izatera pasatu zen; auzia judizializatu egin zen. Orain, ia hiru urte eta gero, epaileak akusatua absolbitu egin du, eta herritar batzuek sare sozialen bidez absoluzio horren berri eman dute. Zabaldutako mezu horrek, baina, salaketa “faltsua” izan zela ere badio. Horren guztiaren aurrean, Ondarroako Mugimendu Feministak ondokoa dio: “Epaileak emandako epaiak ez dio salaketa faltsua denik”.
Mugimendu feministako kideek diote “botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera genero indarkeriako salaketen %70 zigor epaiak” direla, baina horrek ez duela esan nahi gainontzeko %30 salaketa faltsuak direnik. “Salaketa faltsuak bakarrik %0,01 dira”.
Iruñeko sanferminetako kasua gogora ekarri dute. “Kasua oso esanguratsua da sistema judizialak nola funtzionatzen duen aztertzeko. Bortxaketa izan arren, Nafarroako Auzitegiko epaiak sexu abusua egotzi zien 5 erasotzaileei. Eta, gainera, epaileetako batek absoluzioa eskatu zuen akusatuentzat, talde erasoa ‘sexu harreman bat’ izan zela argudiatuta”. Bestetik, gaineratu dute, Lleidako Auzitegiak bi gizon sexu abusuengatik zigortu zituela “biktima negarrez egonda eta ezetz esaten bazegoen ere, bere ezetza era fisikoan adierazteko gai ez zelako izan”.
Ondarroako Mugimendu Feministako kideen iritziz, horrelako epaiek mezu “argia” bidaltzen diete emakumeei: “Erasotzaileari aurre egiten diozu ala ez zaituzte sexu indarkeriaren biktimatzat hartuko, sexu indarkeriari buruzko mitoa iraunaraziz”.
Gaineratu dute Amnistia Internacional erakundeak 2018an emakumeen aurkako sexu indarkeriari buruz egindako txostenak diola “janzkera, ordua, alkohola, arraza, etnia, emakumeen migrazio egoera… estereotipoak direla eta emakumeen sinesgarritasuna gutxitzen jarraitzen” dutela. “Horri gehitu behar zaio emakumeak artatzen dituzten pertsonek (poliziek, medikuek, epaileek, fiskalek, abokatuek…) ez dutela formakuntza espezializaturik”.
Gogora ekarri dute baita ere Miren Ortubai EHUko Zigor Zuzenbideko irakaslearen ustez justizia sistema osoa dela emakumeei sinesgarritasunik aitortzen ez diena.
Ondarroako Mugimendu Feministako kideentzako “ezinbestekoa da hausnartzea” indarkeria matxistaren aurrean jendarteak eta “bereziki norbanako bakoitzak” nola jokatzen duen
Diotenez, ezin da ahaztu indarkeria matxistak botere harremanak izugarrizko pisua duela. “Izan ere, harremanak parekideak ez direnean, erasotua erasotzailearen menpe dagoenean, errazagoa da indarkeria matxista jasatea. Ikusi besterik ez dago emakumeek lan munduan jasaten duten sexu jazarpena edo gogoratu, Harvey Weinstein Hollywoodeko ekoizlea zuen botereaz baliatzen zela hainbeste emakume erasotzeko”.
Ondarroako Mugimendu Feministako kideentzako “ezinbestekoa da hausnartzea” indarkeria matxistaren aurrean jendarteak eta “bereziki norbanako bakoitzak” nola jokatzen duen. “Erasotua ondarrutarra eta erasotzailea etorkina izanez gero, berdin jokatuko zenuke? Erasotzailea zure familiakoa, laguna edo auzokoa denean nolako jarrera hartzen duzu? Erraza da sanferminetako eraso matxistaren aurrean erasotzaileen aurka azaltzea, baina erasotzailea hurrekoa denean zer gertatzen da?”.
Gogoetarako gonbite hori eginda, ondokoa diote: “Bakoitzak pentsa dezala nola jokatzen duen, zer defendatzen duen eta zeren konplize den. Guk argi daukagu: sinisten dizugu! Badakigulako zelako zaila den bortxaketa bat salatzea; badakigulako zelako gaizki pasatu duzun prozesu luze honetan; badakigulako lanik gabe galditu zinela; badakigulako presioengatik herritik alde egin behar izan zenuela; badakigulako sistema judizialak nola funtzionatzen duen… Feminismoak erakutsi digulako zergatik, non, norekin eta zeren alde egon behar garen. Gure aitortza eta elkartasun osoa daukazu”.