Maiatzaren 29an mobilizatzera deitu dute pentsiodunek
Egungo pentsio sistemak dituen gabeziak salatzeko aukera edukiko dute herritarrek zapatuan [maiatzak 29] Lekeition eta Ondarroan egingo diren mobilizazioetan. Gipuzkoako Pentsiodunen Bizikleta Martxa Mutrikutik igaroko da eguenean [maiatzak 27].
Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak herrietako plazak eta kaleak betetzeko deia egin du zapatuan [maiatzak 29]. Hiru urte daramate eskaerak zabaltzen, eta zapatuan ere egungo pentsio sistemak dituen gabeziak salatzera aterako dira; Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta beste herri batzuetan deitutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Hego Euskal Herriko beste hainbat herritan egin modura, Lekeition eta Ondarroan ere mobilizazioak deitu dituzte. Lekeition, 12:30ean, mobilizazioa egingo dute udaletxe aurrean. Ondarroan, ordu berean, eskualde mailako manifestazioa egingo dute Zaldupe zubitik abiatuta. Protesta Alamedan amaituko dute, eta bertan komunikatu bateratua irakurriko dute.
Ondarroatik Bilbora joan-etorria luze egiten dela kontuan hartuta, manifestazioa herrian bertan egitea erabaki dute Alamedako pentsiodunek. “Astelehenetan herritar kopuru handia mugitzen da Ondarroan, horregatik manifestazioa hemen egitea erabaki genuen; astero-astero 160 lagunetik gora batzen gara Alamedan. Eskualdeko beste hainbat herritako pentsiodunen mugimenduetako kideek, gero, bertara etortzeko asmoa azaldu digute; Markina-Xemeingoek eta Mutrikukoek, esaterako, bertan batzeko deia egin dute”.
Espainiako Gobernuak pentsiodunen aldarrikapenen aurrean “entzungor” jarraitzen duela eta pentsio pribatuen aldeko apustu garbia egiten ari dela kritikatu dute
Bi helburu nagusi edukiko dute etziko mobilizazioek: erakunde estatalei zein autonomikoei eskatuko diete hilabete luzez eskatzen ari direna emateko eta bermatzeko eta indarrean dauden eta ezarri nahi dituzten murrizketak berehala indargabetzeko.
Pentsiodunak kezkatuta daude. Esan dutenez, “onartezina” da hiru urteko mobilizazioen ostean lortutako lorpenak “arriskuan” egotea. Espainiako Gobernuak pentsiodunen aldarrikapenen aurrean “entzungor” jarraitzen duela eta pentsio pribatuen aldeko apustu garbia egiten ari dela kritikatu dute; denbora tarte horretan pentsio publiko duinak eta bidezkoak bermatzeko urrats irmorik ere ez dela eman diote. Are gehiago, Toledoko Itunaren gomendioek eta ondoren Kongresuan egindako bozketek “erreforma berrien atarian” jartzen dituztela azpimarratu dute.
Gipuzkoako Pentsiodunek abiarazi duten Bizikleta Martxa bihar [maiatzak 27] Mutrikura ailegatuko da. 17:30ean harrera egingo diete Goiko Plazan
Gogorarazi dutenez, pentsioak ez dira egun erretiroa hartuta daudenen borroka soilik. Gaur egungo pentsio publikoez gain, etorkizunekoak ere jokoan daudela nabermendu dute. Horregatik, belaunaldi gazteenei mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete. “Pentsio duinengatik borrokatzen jarraituko dugu, baina gure borroka atzetik datozenengatik ere bada”.
Bizikleta Martxan. Maiatzaren 29ko mobilizazioa girotzeko, gainera, sei eguneko Bizikleta Martxa antolatu dute Gipuzkoako Pentsiodunek. Pentsio publiko duinak, erreformarik ez! lelopean Gipuzkoa osoa ari dira zeharkatzen egunotan, manifestazioaren eta beren eskaeren berri emateko.
Pentsiodunak herrietan geldialdiak egiten ari dira, herritarren elkartasuna eta babesa jasotzeko. Bihar [maiatzak 27], esaterako, Mendarotik igaro ostean, Galbaixotik zehar ailegatuko da martxa Mutrikura. 17:30ak aldera ailegatuko dira txirrindulariak Goiko Plazara eta harrera egingo diete herriko pentsiodunek; herritarrei bertaratzeko deia egin diete. Nahi duten guztiek, txalo egiteaz gain, Mutrikutik Debara doan etaparen azken kilometroak bizikletan egiteko aukera edukiko dute.