Pertsona bat atxilotu dute Ondarroan, gidabaimen faltsuagaz gidatzeagatik
Ertzaintzak esan duenez, atxilotuak 53 urte ditu eta "dokumentuak faltsutzea eta bide segurtasunaren aurkako delitua" egotzi diote. Atxilotua gaur [maiatzak 26] jarriko dute epailearen esku.
Ertzaintzak martitzenenean [maiatzak 25] atxilotu zuen gizonezkoa, 17:00ak aldera Ondarroan egindako bide segurtasuneko prebentzio kontrol batean. Jakitera eman dutenez, ibilgailu bat geldiarazi zuten. “Ibilgailu horren gidariak Portugalgo gidabaimena eta herrialde bereko bizileku baimena zituen”.
Gidariak aurkeztutako dokumentazioaren lehen ikuskapena egin zutenean, patruilak agirietan irregulartasunak atzeman zituela esan dute. Gaineratu dutenez, dokumentazioaren jatorriari buruz egindako kontakizunean ere “inkoherentziak” agertu zituen. Gidaria komisaldegira eraman zuten aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzera. “Bi dokumentuak inolako zalantzarik barik faltsuak zirela egiaztatu ahal izan zen komisaldegian; legezko bidalketa agiriek eraman behar dituzten segurtasuna neurrietan desberdinak ziren”.
Gertakarien berri eman ziotenean, bi dokumentuak faltsuak zirela onartu ostean gidariak Espainiako dokumentazioa aurkeztu zuela adierazi dute. “Aurkeztutako dokumentazio berria aztertu ondoren, pertsona hori gidabaimena epailearen aginduz kenduta zeukala gidatzen ari zela egiaztatu zen”. Hori horrela, Ertzaintzak gidaria atxilotu egin zuen, dokumentuak faltsutzea eta bide segurtasunaren aurkako delitua egotzita. Beharrezko polizia eginbideak egin ostean, atxilotua epailearen esku jarriko dute gaur [maiatzak 26].