Aratz Mugertza eta Mikel Agirre Binakako Euskal Pentatloiaren finalean sartzeko lehiatuko dira
Kanporaketa Tolosako zezen plazan lehiatuko dute zapatu arratsaldean [maiatzak 29]. Lesio baten ondorioz, Inhar Urruzuno ondarrutarrak ez du parte hartuko.
Herri kiroletako Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketa jokatuko dute zapatuan [maiatzak 29], 18:00etatik aurrera, Tolosako zezen plazan. Gizonezkoetan hamabi bikote eta emakumezkoetan hiru ariko dira lehian, eta izen emandako horien artean daude Aratz Mugertza mutrikuarra eta Mikel Agirre ondarrutarra. Mugertzak bigarrenez parte hartuko du lehian, eta Agirrek, ostera, lehen aldiz parte hartuko dute herri kirolen proba konbinatuan. Iazkoan modura, Mugertzak Iñaki Errazkin tolosarrarekin osatuko du bikotea, eta Ousmane Drame barakaldarrarekin ariko da Agirre.
Izena emanda bazegoen ere, lesio baten ondorioz, Inhar Urruzuno ondarrutarrak ez du parte hartuko. Berna-hezur (tibia) barruan odol batua dauka, eta azken ordura arte erabakia hartzeko zai egon da: “Pena bat izan da, eta eskerrak eman nahi dizkiet nire ondoan egon diren denei. Ez da lehenengo lesioa, eta azkena ere ez da izango; esperientzia pixka bat badaukat lesio kontuetan, eta hemendik ere irtengo naiz. Datorren urtea etorriko da, eta ea lehenbailehen plazetara bueltatzen naizen”.
Harrijasotzeagaz hasiko dira, bikoteko 20 jasoaldi egin beharko dituzte. Batek gutxienez zortzi egin beharko ditu. Gero, giza probaren txanda izango da, bakoitzak untza bat lortu beharko du. Ondoren, aizkoran, bi kanaerdiko moztu beharko dituzte. Hor ere bakoitzak gutxieneko bat dauka, hamabost mozketa egin behar ditu alde bakoitzeko. Jarraian, txingekin ariko dira, eta bakoitzak hiru untza egin beharko ditu, bikoteko sei plaza. Gero, bakoitzak hamar buelta korrika, bikoteko hogei buleta (2 km).
Etxean entrenamendu onak eginda dituela aitatu du Mugertzak, eta “finalera sartzen ahaleginduko” dira: “Bikote gogorrak daude eta ea helburu hori bete ahal dugun. Lan motza da eta alde handiegirik gabe, minutu baten barruan bikote asko egon litezke. Iazko finalean ez genuen lana bukatu, ondo ez nengoelako. Ea lan txukuna egiten dugun behintzat, eta erakusten dugun zenbaiteraino garen. Helburua hori da. Hasieran aipatu zuten zenbat eta beranduago egin, agian, publikoa sartzeko aukera egon zitekeela, baina publikorik gabe egin behar dugu”.
Agirrek ere dio helburua “lan polit bat egitea”, gustura geratzeko lana egitea, eta ahal bada finalera sartzea: “Ez da erraz egongo. Bikote batzuk badaude finalerako segurutzat jo litezkeenak, edo aukera asko dituztenak. Beste asko gaude hor laugarren postutik aurrera geratzeko aukerekin. Aurten ez da egon plazarik, ez ditut ikusi, eta seguru ezin da esan. Finalera sartzea edo kanpoan geratzea segundu gutxiren barruan egongo dela uste dut. Sasoi puntu onean heltzen naiz, baina ikusi egin beharko da egunak berak zer ematen duen. Ikusi beharko da egunean bertan ze sentsazio ditugun, eta gorputzak zelan erantzuten dion presio horri”.