Domeka da Ondarroako kirol udalekuetan izena emateko azken eguna
Udalekuak LH 1,2,3 eta 4ko ikasleei zuzenduta daude. Jarduerak ekainaren 28tik uztailaren 23ra egingo dituzte, lau txandatan banatuta.
Ondarroako Udalak aurten ere kirol udalekuak antolatu ditu, Zaldupe udal kirol kiroldegiagaz elkarlanean. Kirol udalekuak ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean egingo dira bost saioko lau txandatan banatuta, eta eskaintza LH 1,2, 3 eta 4ko neska-mutilei zuzenduta dago. Izen ematea domekara [maiatzak 30] arte zabalik dago. Interesa dutenek Zaldupe udal kiroldegiko 94-613 42 09 telefono zenbakira deitu edo kiroldegia.harrera@ondarroa.eus helbidera posta elektroniko bat bidali beharko dute.
Izena ematerako orduan, eta parte hartzea bermatu ahal izateko, txanda batean baino gehiagotan izena ematea gomendatu dute kiroldegiko ordezkariek. Dauden aukerak lehentasunaren arabera 1etik 4ra zenbatzea gomendatu dute. “Behin plazen esleipena egin ostean, libre geratzen diren plazak hartzeko aukera ere emango da”.
Udalekuen txandei dagokienez, txanda bakoitzak astebeteko iraupena edukiko du. Saioak astelehenetik barikura egingo dira, 09:30etik 13:00etara. Honako datetan antolatu dituzte txandak: ekainaren 28tik uztailaren 2ra, uztailaren 5etik 9ra, uztailaren 12tik 16ra eta uztailaren 19tik 23ra.
Egungo osasun egoera berezia bada ere, kirol eta ingurumen jardueretan oinarritutako jarduerak ezarritako arau eta protokolo guztiak beteta egingo dituztela azpimarratu dute. “Ahal den guztietan aire librean egingo dira ekintzak, herriko kirolguneak eta espazio naturalak baliatuz. Neurri guztiak beteta egingo dira jarduera guztiak, irizpide guztiak zorrotz beteta”.