Eneko Arrate eta Aitor Odiaga: "Orain da beste basogintza eredu bategaz hasteko momentua"
Pinuaren gaitzak kolokan jarri du orain arteko basogintza eredua, eta bere etorkizuna erabakitzeko une erabakigarria dela dio EH Bilduk. Hausnarketarako bideari ekin diote.
Zergatik da horren garrantzitsua basogintzaren gaia momentu honetan?
Eneko Arrate: Baserrien sistema aldatu da, eta basogintzaren kudeaketa ere bai, eta orain, basogintzaren fase berri batean gaude. Orain arte pinudiek hartu dute zonalde hau eta pinudien gaitz baten eraginez fase berri baten sartu gara, eta fase berri honetan zelan jokatu behar dugun pentsatu behar dugu, bai erakundeetatik baita norbanako moduan ere.
Aitor Odiaga: Pinuaren monokultibotik eukaliptoaren monokultiborantz goazenaren itxura dauka, askoz ere kaltegarriagoa izango den monolaborantza baterantz. Zer edo zelan trantsizio bat eman behar da pinutik beste eredu batera, eta eukaliptoak egon beharko du neurri batean, baina ez denean.
Hausnarketa bat beharrezkoa da, beraz.
E.A.: Basogintza ekonomiaren ardatz bat izan da, industri oso bat muntatu da horren inguruan, baina berraztertu egin beharko da industria hori, edo eraldatzeko laguntzak eman beharko dira. Ikuspegi estrategikotik begiratuta, basoak garrantzi handikoak dira eta izango dira etorkizunean, eta hemen baso asko dago. Basoa ura da, arnasa da, orain arte ez bagara konturatu ere. Europatik datozen araudiek erakusten dute larrialdi klimatiko batean egonda, basoak babestu egin behar ditugula, baina CO2 kopuru handia ematen duten basoak eta ura babestuko duten basoak. Argi ikusten da eukaliptoak ez dituela basoak babesten, ura agortzen dute eta. Ura ere arriskuan dago, gero eta esku pribatu gehiagoren menpe ari da geratzen, multinazionalak ari dira uraren jabe egiten mundu osoan. Orain arte, modu batera ikusi dugu basoa, baina orain ikusteko modua birpentsatu behar dugu.
A.O.: Egurrari balioa eman behar zaio, baina kalitatezko egurrari. Orain, epe motzera begirako errentagarritasuna bilatzen ari dira, eta eukaliptoak ematen du aukera hori. Badaude beste landare mota batzuk kalitatezko egurra sortuko dutenak eta, beraz, pinu monokultibotik eukalipto monokultibora igaro barik dibertsifikatu egin behar da.
Eta zer da gertatzen ari dena?
E.A.: Pixkanaka ikusten ari gara baso jabe txikiak lurrak merke saltzen ari direla, eta lurjabe handiak edo enpresa handiak erosten ari dira baso horiek ustiapenerako. Gutxi batzuk lursail askoren jabe egingo dira, eta horrek esan nahi du basoak negozioa egiteko izango direla. Beraz, orain da erakunde publikoen momentua.
Markina-Xemeinen ere gauza bera ari da gertatzen?
A.O.: Adibide hori leku guztietan ikusi daiteke, Markina-Xemeinen ere bai. Basoak jo egin dira, eta baso hori jo dutenak gutxi gehiago ordainduta egurraren eta lurraren jabe egin dira. Horrek lehengo eredu berdinera doaz, errentagarritasun bat atera nahi dute.
“Biodibertsitate aldetik gizartearentzako onura bat sortzen duten basoentzako laguntzak emango dituzte, eta hori laster ailegatuko da Europatik”
Horren aurrean, lurjabe txikiek badaukate informazio edota laguntzarik?
E.A.: Lur jabe txiki askok ez dakite zer egin, eta orain da momentu egokia informazioa zabaltzeko. Zer sartu, zer egin, zelan egin… Egia da jende batek lanketa bat ere egin duela bere kabuz; ingurura begiratuta ikusi daiteke Markina-Xemein inguruetan dena ez dela eukaliptoa. Batzuek sartu dituzte arbolak, beste batzuek utzi dute basoa berez hazten…, baina gehienek ez. Beraz, goazen baso jabe txiki horiei informazioa ematera, dauden laguntzen berri ematera. Denbora gutxian hemen izango dira laguntzak. Portugalen ari dira ematen, esaterako, baso atlantiar eta osasuntsua edukitzearren urteroko laguntza batzuk. Biodibertsitate aldetik gizartearentzako onura bat sortzen duten basoentzako laguntzak emango dituzte, eta hori laster ailegatuko da Europatik. Ordea, ez dute onartuko matarrasa izenez ezagutzen den mozketa mota, biodibertsitaterako oso kaltegarria delako. Lurra goitik behera doa, mendiak lurrez husten dabiltza eta modu hori debekatzen hasi dira. Horretarako prestatu behar gara pixkanaka, eta informazio hori zabaldu egin behar zaie baso jabe txikiei.
Erakunde publikoen jarrera zein izan behar da?
E.A.: Erakunde publikoetatik prestakuntza bat egon behar da arlo horretan ere, beste batzuetan, Berdintasunean adibidez, egin den moduan. Garrantzitsua da landa munduan beharrean dabiltzan langileak eta basozainak formakuntza bat jasotzea. Denok formatu behar gara.
Herri lur gehiago behar dira?
E.A.: Guk lur publikoaren aldeko defentsa egiten dugu. Zenbat eta lur publiko gehiago eduki denok irabazten dugu, eta orain da momentua lurrak eskuratzeko, askok kendu nahi dituzte eta.
Zein da Markina-Xemeingo herri lurren egoera?
A.O.: Denetarik dago. Larruskaingo 18 hektareatan pagoa eta larizio pinua dago, Zapolako basoetan artia da zati bat eta pagoa ere badago pinuagaz nahasita.
E.A.: Bedartzandin dagoena artia da, batez ere. Aurretik ere landaketa batzuk eginda daude, eta berez ere etorri da basoa. Zapolan, ostera, pinudia botatzeko dago, eta gero, hor zer sartu erabakitzeko lanketa polit bat egin daiteke eskolekin, edo landaketa batzuk egin eta herri basoa sortzen joan denen artean. Aurrera begira zer egin aurreikusiz, Basogintza plan bat egitea aipatu zuten Errez kooperatibakoek antolatu ditugun jardunaldietan. Pentsatutako esku hartze bat eta dakienak eginda, ingurumen ikuspuntua eta ekonomikoa eta beste arlo batzuk txertatuta.
“Epe luzera begirako gaia izango da, baina bide bat egiten hasi behar da”
Markina-Xemeinen ere badago lurrak erosteko aukera?
A.O.: Udalak Larruskainen zortzi hektarea erosteko aukera dauka, modu oso onean. Larruskaingo plazaren ondoan daude, eta beraz, Larruskain auzo modura babesteko bide bat ere bada. Gero aukera desberdinak daude baso sail hori berreskuratzeko, baina behintzat jabetu egin. Dauden aukerak kontuan hartuta urtero diru kopuru bat jarri beharko litzateke herri basoak handitzeko.
Beste herri batzuetan ere hasi dira lanketak egiten.
E.A.: Aldundiak ere esan du hasiko dela lurrak erosten, eta eskualdeko beste herri batzuk ere hasi dira.
A.O.: Markina-Xemeinek 102 hektareako herri basoa dauka, baina fokua altzatu egin behar da. Herri bat besteagaz josi daiteke eta herrien arteko lanketak ere egin daitezke eremu askotan mugarik ez dago-eta basoetan.
E.A.: Markina-Xemein eta Aulestiko lurrak elkarren ondoan daude adibidez. Hektarea asko batzen dira hor. Oasi berezi bat eskualde erdi-erdian, izugarrizko arnasgunea. Aulestin ere badabiltza lanketak egiten eta Berriatuak erosi ditu lursail batzuk, Hostozabal elkartea ere sortu dute eta hasi dira landaketagaz. Ziortza-Bolibarkoek ere Errez kooperatibagaz egin dute bisita eta lanketa bat. Denen artean egin behar dela argi dago, aldundia, udalak eta herritarrak. Markina-Xemein herri askogaz da mugakide.
A.O.: Epe luzera begirako gaia izango da, baina bide bat egiten hasi behar da. Momentua da horretarako, beste eredu bategaz hasi behar dugu.
Momentu honetan basoen inguruan dagoen jarrera zein da?
E.A.: Sentsibilizazio ezberdinak daude. Enpresa handiak ere tartean daude, diru asko dago hor, eta erakunde publikoari, aldundiari kasu, kostatu egiten zaio legedi zorrotzagoa ezartzea. Presio handiak daude, eta horiei aurre egitea ez da erraza. Alde horretatik pixkanaka joango da. Europatik ere etorriko dira legedi batzuk eta egokitzen joan beharko gara, prestatzen.
Jardunaldiak bezala, beste ekintza batzuk egitea aurreikusita daukazue?
E.A.: Bilera bat prestatuko dugu ekainerako, bakoitzak ze asmo dituen partekatzeko, eta pixkanaka esku hartze txikiak ere planteatzen joango gara udalean.