Baldaburuko bigarren guda lerroko instalazioak ezagutzera emango ditu Ahaztuen Oroimenak
Memoria ibilbide bat eratu dute instalazioetan zehar, eta hitzaldi baten bitartez egingo dute aurkezpena ekainaren 5ean. Gainera, ibilbidea eta bertan egingo dituzten lan arkeologikoak bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute ekainaren 27rako.
Iturretako Baldaburu inguruan eraikitako instalazioetatik zehar doan MX-3 Iturreta. Baldaburuko bigarren guda lerroko memoria ibilbidea aurkeztuko du datorren zapatuan [ekainak 5] Ahaztuen Oroimena elkarteak. Zapola ingurukoa bezala, ibilbide hori ere 36ko gerran Markina-Xemeinen eraikitako defentsarako bigarren guda lerroaren parte da.
“Tokiko Ibilbide berri honen irteera Iturretako ermita ondoko plazan kokatzen badugu, Baldakotxuntxurrarako bidean PR BI-24 ibilbidearekin bat egiten du, eta ibilbide ertain honen aldaera bat izan daiteke. Ibilbidea erraza da, 75 minutu inguruko iraupena du eta umeekin egiteko aproposa da”, azaldu dute.
Hitzaldi baten bitartez egingo dute Baldaburuko Memoria Ibilbidearen aurkezpena. Hitzaldia 18:30ean izango da, Uhagon kulturguneko lehen solairuan, eta, aurreratu dutenez, ibilbideagaz lotuta Baldaburuko gotorlekuetan burutuko dituzten esku hartze arkeologikoaren berri ere emango dute. Izan ere, ekaineko azken bi asteburuetan, EHUko Josu Santamarina arkeologoaren gidaritzapean eta unibertsitateko ikasle talde baten parte hartzeagaz, Balda 1 eta Balda 2 gotorlekuen esku hartze arkeologikoa burutuko dutela jakitera eman dute Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek: “Arkeologia eta ondarearen kudeaketan ohikoak diren protokoloak eta metodologiak erabiliaz, prospekzio intentsiboa egin, planimetria zehatza marraztu, zundaketa arkeologikoak egin, dokumentazio fotogrametrikoa sortu, aurkitutako materialen laborategiko lanketa burutu, aurkitutako objektuak Bizkaiko Arkeologi Museora bideratu eta Memoria Arkeologikoaren idazkera, tramitazioa eta dibulgazioa helburu izango duen goi-mailako esku-hartze arkeologikoa aurkeztuko dizuegu”.
Bisita gidatua. Esku-hartze arkeologikoaren azken egunean gainera [ekainak 27], bisita gidatu bat antolatuko dute Memoria Ibilbide horretan zehar: “Memoria ibilbideaz gozatu, esku-hartze arkeologiko lanak ezagutu, lanen zuzendariaren azalpenak entzun eta galderak eginez, jakin-minak asetzeko aukera izango dugu”.
Bestalde, Zapolako defentsa eraikin batetik bestera doan ibilbidea eta inguruko natura baliabideak ezagutzera emateko asmoagaz prestatu duten bideo bat ere aurkeztuko dute hitzaldian.
Ekainaren 5eko aurkezpenak leku mugatua izango duenez, gonbidapenak aldez aurretik hartu behar dira Markina-Xemeingo Udaletxearen harrerako kutxazainean; gonbidapenak maiatzaren 31tik aurrera jaso ahalko dira.