Julian Arrate Arrasate, hamarkadak lurra mimatzen
Urte askoan ortulari bezala lan egindakoa da Julian Arrate Arrasate. Gaur egun 94 urte baditu ere, ortugintza ez dauka erabat alboratuta. Orain, berak ekoitzitako landareak Lekeitioko taldeei banatzen dizkiete, doan.
Hasiera batean zaletasuna zena ofizio bilakatu zen. Horixe da Julian Arrate Arrasatek ortugintzagaz daukan harremana. Jatorriz Berriatuko Asterrika auzoko Urkixa Goikoa baserrikoa, Lekeition bizi da urte luzez. 94 urte ditu, eta duela 4 urte ingurura arte, ortuan ibili da. Orain, guztiz baztertuta ez badauka ere, «hango eta besteko minak» direla eta, ez da ortuan hainbeste ibiltzen.
Ontziolan lan egiten zuen, eta lana amaitu eta gero Lekeitioko Santa Ritan mojek zeukaten 4.000-5.000 metro karratuko lur sailean aritzen zen, ortulari. Gerora, baina, ontziola itxi eta zaletasuna zena ogibide bilakatu zen. Izan ere, mojek ortulari hartu zuten. «Landutako lurretik ateratzen nuen uzta erdibana banatzen genuen, erdia mojentzat eta erdia guretzat», azaldu du Arratek. Eta euren tokamena jasota, Edurne Agirre Uskola bere emaztea plazara joaten zen, produktuak saltzera.
Berak eta senideek diote 30 urte zituenetik ortulari bezala ibili dela lanean. Hau da, mojek behargin modura hartu zutenetik. Aurretik ere bazuen lurragaz lotura hori; txiki-txikitatik, jaio zenetik dauka harreman estua. «Ama ortularia zen, eta berarengandik ikasi nuen». Berak, baina, bere semeari ere zaletasun hori helarazi dio: Julian Arrate da bere semea, Lekitto Bedarra ortularien elkarteko kidea.
Lekitto Bedarrak Lur Berri dendagaz daukan elkarlana baliatuta, Arrateren landareak herriko taldeei ematen dizkiete, doan
Orain, egunerokotasunean ortuan ibiltzen ez bada ere, ez dauka guztiz baztertuta; tarteka, semearen ortura egiten ditu osterak, eta Usotegiko herritarren ortua ere zaintzen du. «Orain ikuskatzaile lanak egiten ditut», dio barrez.
Bertoko landareak. Esku ona dauka orturako, eta horren adibide dira urte askoan sortu dituen landareak. «Denak ondo ateratzen zaizkio», dio semeak. Eta Lekitto Bedarrak Lur Berri dendagaz daukan elkarlana baliatuta, Arrateren landareak herriko taldeei ematen dizkiete, doan. «Usotegin betidanik erabili izan ditugu bere landareak, baina asko dituenez, bururatu zitzaidan Lur Berrigaz daukagun elkarlana baliatuta, landare horiek herriko taldeei oparitu ahal genizkiela. Eta hala egiten dugu. Momentuz 600 landare inguru banatu ditugu», azaldu du semeak. Landareak, gainera, bertoko haziekin hazitakoak dira. Hasiera bateko landareetatik haziak atera eta azken 60 urteetan horrelaxe joan da landare berriak ekoizten.
9 urte zituenean gerra heldu zen, eta baserritik atera arazi zituzten, Asterrikan, euren baserriaren parean frontea kokatu zelako
Oro har, ortuak entretenimendua ematen diola dio. «Ortuan dabilena ez da aberasten. Baina gustura egiten baduzu, beti aterako duzu probetxuko zer edo zer. Asko egin eta gutxi atera. Ortuak hori dauka».
Gerra garaian bizitakoa. Asko bizitakoa da. 9 urte zituenean gerra heldu zen, eta baserritik atera arazi zituzten, Asterrikan, euren baserriaren parean frontea kokatu zelako; sei anai-arreba ziren. «Hiru urte egin genituen etxetik kanpo. Itxola eta Solozarreta baserrietan egon ginen bizitzen. Lekeitiora ere joan ginen gero, han familia geneukalako. Baina aitak ganadu batzuk zituela eta, Munitibarko Berreño auzora joan ginen. Eta han harrapatu gintuen Gernikako bonbardaketak». Tartean aita ere kartzelatu zuten.
Gerora, aitak Berriatura joan behar izan zuen, baimena eskatzera. «Berreño Munitibarko herrigunetik lau kilometro ingurura dagoen auzoa da, eta handik bizikletaz joan zen aita Berriatura. Gero, bide hori guk oinez egin genuen, ganaduekin. Gauak harrapatu gintuen, eta Lekeition geratu ginen lotan». Hurrengo egunean Berriatura heldu eta frontean ibilitakoek euren baserria zer nola utzi zuten ikusi zuten: erabat apurtuta, eta lur sail guztiak txiki-txiki eginda. Beraz, Anakabe baserrian egon ziren bizitzen. Eta handik berriro ere Lekeitiora itzuli ziren.
Bizipen horiek guztiak kontatzerakoan gauza batzuk «ahaztu» egiten zaizkiola dio, baina bista-bistan dago garai batean bizitako zenbaIt oroitzapen gordeta dituela; ezin ditu ahaztu.
Ñabardurak gora edo behera, asko bizitakoa da Arrate. Eta bizipen horiekin guztiekin, argi dauka sustraiak non dituen, baita horiek nola zaindu ere: lurra landu izan duen bezala, mimoz.