Murga basoko parke berriaz gozatzen hasi dira markina-xemeindarrak
Gaur [maiatzak 27] eguerdian ireki dute Murga basoa. Ingurunea ezagutzeko ikusmina izan da nagusi.
Gaur [ maiatzak 27] eguerdian zabaldu ditu ateak Bidarte Dorreko Parkea aisialdirako gune berriak, eta bere ibilbideetatik lehen pausoak eman ahal izan dituzte herritarrek. Ikusmina izan da nagusi. Izan ere, orain arte horma handien atzetik besterik ez dute ikusi herritarrek, herrigunean bertan dagoen basoa.
13:00etan zabaldu du parkeko atea Luis Egurrola Arakistain Markina-Xemeingo alkateak, eta txalo zaparradagaz erantzun diote herritarrek. Ate ondoan zeuden batzuk, eta zebra-bidearen beste aldean beste asko, eta apurka-apurka parke berrira sartu dira. Irekiera ekitaldian egon dira, baita ere, basoaren jabeak, udal ordezkari eta Lea-Artibai Amankomunazgoko teknikariak.
Lan “txukuna” egiten saiatu direla eta “herritarrei espazio berria gustatzea” nahi dutela esan du alkateak ekitaldiari hasiera emanez. Parkeaz gozatzeko gonbita egiteagaz gainera, baso eremura ez sartzeko eta parkea garbi mantentzako eskaria egin du. “Parkea denona da jada, denon erabilpenerako da, eta espero gustatzea eta momentu onak edukitzea parke honetan”.
Tarine musika eskolakoek jarri diote doinua ekitaldiari. Hain zuzen ere, Rakel Pujanaren txistuak lagundu ditu herritarrak parkean egin ahal izan duten lehen ibilalditxoan. Batera eta bestera ibili dira herritarrak, gune berriaren txoko guztiak ezagutu nahirik.
Herritar guztien gozamenerako espazio berria udalaren “aspaldiko egitasmoa” dela esan du udalak, eta herritarrentzat erabilgarri eta egoera onean egon dadin beharrezkoa izan dela egokitze lan batzuk aurrera eramatea. “Egin diren lanak herritarren segurtasuna bermatzeko egin dira. Dagoeneko egin diren lanekin oso egoera onean utzi da gunea, eta belarra moztea izango da egin beharreko lan nagusia. Mantentze lan horiek udal brigadak egingo ditu”, azaldu dute.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Jakitera eman dutenez, udalak parkean egindako hobekuntzen kostuaren parte proportzionala jasoko du jabearen aldetik, “honek hitzarmenean zehaztu den lagapen epea bete aurretik hitzarmena indarrik gabe uzten badu”.
Informazioa. Parkearen sarreran informazio praktikoa jasotzen duen plaka bat jarri dute, eta plaka horretan QR kode bat era badago. Egunero egongo da zabalik ordutegi zehatz batean: Apiriletik irailera 09:00etatik 21:00etara, azarotik otsailera 09:00etatik 17:00etara eta martxoan eta urrian 09:00etatik 19:00etara. Abuztuan, ordea, itxita egongo da. “Herritar gehienak oporretan izaten diren hilabetea da abuztua, eta beraz, Markina-Xemeinen jende eta mugimendu gutxien izaten den sasoia da. Markina-Xemeingo Udalak eredu moduan hartu du Oñatiko Udalak herriko lorategi pribatu baten jabeekin sinatutako hitzarmena. Bertan ere abuztuan ixten dute eremua”.
Bestalde, udala inguruko baso eremu batzuk erosi eta herri baso bihurtzeko aukerak aztertzen ari dela jakitera eman dute: “Larruskaingo eremu bat eskuratzeko aukera mahai gainean dago, eta aukerak aztertzeko harremanetan dago udala Rafael Irazabal Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko teknikari eta Eskualdeko Nekazaritza Bulegoko arduradunagaz”.
Aisialdi gunearen xehetasunak, HEMEN!