Osasun zerbitzuaren aurrez aurreko arreta barik daude Amoroton eta Mendexan
Euren plaza esleitu arte ordezko medikua edukiko zutela esan zieten, baina momentuz aurrez aurreko arreta Lekeitioko anbulatorioan daukate. Sinadura bilketak egingo dituzte domekan [maiatzak 30] bi herrietako plazetan.
Azken urteetan Amoroton eta Mendexan arreta eman dien medikuak lekualdaketa eskatu zuen, eta haren plaza ez dute bete, momentuz. Barrualde-Galdakao ESIko arduradunek plaza esleitu bitartean ordezkapen bidez beteko zutela hitz eman zieten, baina, gaur gaurkoz aurrez aurreko arretarik ez daukate euren herrietan. Telefono bidezko arreta Lekeitioko anbulatoriotik jasotzen dute, eta aurrez aurreko hitzorduak behar izanez gero, osasun zentro horretara joan beharra daukate.
Euren medikuak lekualdaketa eskatu zuenetik kezkatuta daude, eta orain bizi duten egoeraren aurrean, adierazpen bateratu bat idatzi, eta sinadura bilketa egitea erabaki dute. “Amorotoko eta Mendexako kontsultategiek aurrera jarrai dezaten, osasun arreta herrian bertan jasotzen jarraitzea eskatzen dugu lanpostu huts hori lehenbailehen betetzen den bitartean. OSI Barrualde-Galdakaoko arduradunen konpromiso argi bat nahi dugu”, eskatu dute idatzian.
Domeka eguerdian [maiatzak 30] ariko dira sinadurak jasotzen bi herrietako plazetan. Horrekin batera, bakarkako erreklamazioak jartzeko deia ere egin dute, eta horretarako, domekan bertan ereduak eroango dituzte herritarrei zelan bete azaltzeko eta laguntzeko.”Bakarkako erreklamazioek ere asko balio dutela esan nahi diogu jendeari. Eta Lekeitioko anbulatorioarako hitzordua ematen dietenean, bertan betetzeko esango diegu. Erreklamazio bateratu kolektibo horregaz batera, bakarkakoak ere egin behar ditugula uste dugu”, dio Ibon Gabiola Amorotoko alkateak.
Horrez gain, bariku eguerdian [maiatzak 28] Lekeition egongo dira pentsiodunek deitutako mobilizazioan. Euren pankartak eroango dituzte, “kontsultategiak herrian bertan behar” dituztela aldarrikatuz.
“Gure medikuaren plaza amortizatuko dutenik ez dute sekula aipatu. Plaza huts hori beteko zela agindu ziguten, eta guk esperantza hori oraindik badaukagu. Bitarten mediku barik gaude, eta egoera ez da ona. Lekeitioko edo inguruko medikuen artean bideratuta daukate gure arreta. Esan digutenez, familia-medikuntza espezialitateko beste promozio batek bihar [maiatzak 28] amaituko du prestakuntza aldia, eta promozio berri horretako mediku batek plaza hau hartuko duenaren esperantza ona daukate eurek, eta guri horrela helarazi digute. Guk hori sinistu behar dugu, baina adi egongo gara”, azaldu du Ibon Gabiola Amorotoko alkateak.
Tamalez, maiatzaren 17tik ez daukagu medikurik Amoroton eta Mendexan. Lekeitioko anbulategitik bideratzen ari dira herritarron osasun arreta eta horrek gure kezkak areagotu ditu
Herri txikietan halako zerbitzuak egotearen garrantzia azpimarratu du Pedro Zenigaonaindia Mendexako alkateak ere: “Euren idatzia jaso genuen esanez behargin bat ere ez zutela kenduko, eta postu denak beteko zirela. Arazoa da ea zein medikuk etorri nahi duen hona. Ez badago, hori konpondu bitartean Lekeitiotik edo Aulestitik edo nonbaitetik etorri beharko da ordezkoa. Guk medikua nahi dugu herrian, bai Mendexan bai Amoroton osasun langileak egotea nahi dugu. Eurek esan dutena eta idatziz jasota daukaguna betetzea da inportanteena. Herri txikia gara, baina guk ere zerbitzu hauek eduki behar ditugu; garrantzitsuak dira”.
Bi herriek adostutako adierazpenean, mediku kontsultak euren herrietan izateak duen garrantzia azaldu dute. “Herritarrontzako ezinbesteko zerbitzua da, gure osasun eta ongizatearen giltza baita. Amoroton eta Mendexan, tamalez, arriskuan ikusten dugu zerbitzu hori”, diote idatzian.
Mendexa eta Amorotoko udalen ordezkariek Barrualde-Galdakao ESIko arduradunarekin izan dituzten hartu-emanetan (batzarretan zein telefonozko elkarrizketetan) mediku-kontsultak aurrera egingo duela eta hutsik geratuko den lanpostua beteko dela ahoz eta idatziz adierazi zieten. Hori betetzen den ikusteko “adi egon” dira, eta arrazoi desberdinengatik, uste baino lehenago gertatu da kontsultategiko aldaketa: “Osasun arduradunek, bai ahoz eta bai idatziz agindu ziguten hutsik geratu den mediku plaza hori modu egonkorrean betetzen den bitartean, osasun arreta gure herrietan jasotzen jarraituko genuela. Tamalez, maiatzaren 17tik ez daukagu medikurik Amoroton eta Mendexan. Lekeitioko anbulategitik bideratzen ari dira herritarron osasun arreta eta horrek gure kezkak areagotu ditu. Ikusi dugu beraien partetik ziurtatu ziguten konpromiso hori ez dela betetzen ari eta egoera kezkagarria dela deritzogu”.