Markina-Xemeingo espazio publikoaren erabilerarako baldintzak zehaztu dituzte
Eremu publikoan ekintzak egin ahal izateko eskaera egin beharko da udaletxean. Egueneko [maiatzak 27] Gobernu Batzarraren bileran onartu zituzten baldintzak.
Eremu publikoan ekintzak egin ahal izateko baldintzak onartu zituen eguenean [maiatzak 27] Markina-Xemeingo Gobernu Batzarrak. Eremu publikoa okupatzea eskatzen duen ekintza guztiak udalari jakinarazi behar zaizkiola onartu zuten Gobernu Batzarra osatzen duten alderdi biek, EAJk eta EH Bilduk, aho batez.
Udalak jakitera eman duenez, ekintzak egiteko eremu publikoa erabiltzeko eskaera edo jakinarazpen orria udaletxean aurkeztu behar da, eta nahi izanez gero, horregaz batera ekitaldia aurrera eramateko beharrezko dituzten materiala eta ekipamendua ere eskatu ahal izango dute antolatzaileek, mahaiak, aulkiak, hesiak eta gelak esate baterako. Esan dutenez, “orain arte bezala, udala prest egongo da ahal den guztian laguntzeko”.