Munitibarko Udalak udaberriko agendaren bigarren zatia aurkeztu du
'Hor konpon Maria Anton' umeentzako ikuskizuna, gaztetxoei eta helduei zuzendutako 'Luze edo motz' emankizuna eta Karmele Jaio idazleagaz 'Aitaren etxea' liburuari buruzko irakurketa txokoa egingo dituzte ekainean.
Munitibarko udaberriko agendaren bigarren zatiaren lehenengo ikuskizuna ekainaren 4an [barikua] egingo dute. Hor konpon Maria Anton umorea, bertsolaritza eta txotxongiloak uztartzen dituen umeei zuzendutako ikuskizuna 17:00etan hasiko da, udal aretoan. 30 pertsonako aforoa ezarri dute. Sare sozialak, telebista eta oro har egungo gailu elektronikoen erabilera landuko dute istorio horretako Joni protagonistarekin: “Makinita arruntak denon eskuetan daude, baita gure seme-alaba txikienen eskuetan ere. Ikasi behar dugu makinekin gozatzen, baina menpean erori gabe”.
Urtaro hau amaitu bitartean, hiru ekitaldi egingo dituzte, aste bakoitzeko bana. Orain artekoak modura, doakoak dira, baina aurretiaz izena ematea derrigorrezkoa da, aforo mugatuekin egiten diren ekitaldiak direlako. Izena emateko 9:30etik 14:00era, udal administraziora eta 16:00etatik 20:00etara, berriz, liburutegira deitu edo hurreratu behar da. Hala ere, gogoratu dute jarleku guztiak betetzen ez badira, ekintzen egunetan aforoa bete arte sartzeko aukera ematen dutela.