Ondarroa Lagunkoia diagnostikoaren emaitzak herritarren eskura ipini dituzte
53 orrialdeko liburuxka udal erregistro orokorrean eta udalaren bi webguneetan lortu daiteke. Azterketaren helburua ondarrutarrek "herriaren argazki bat" egitea izan dela azpimarratu dute.
Ondarroa Lagunkoia egitasmoak diagnostikoa bat landu du, herria zenbateraino den lagunkoia aztertzeko eta proposamen berriak jasotzeko. Azken bi urteetan egin duten hausnarketaren ondorioen emaitzak aurreko eguenean [maiatzak 27] Kofradia Zaharrean egindako aurkezpenean plazaratu zituzten. Azterketaren nondik norakoak jasotzen dituen 53 orrialdeko liburuxka udal erregistro orokorrean eta udalaren bi webguneetan (www.udalbarriak.eus eta www.ondarroa.eus) ipini dute orain eskuragarri. Testu, grafiko eta argazkiez osatuta dagoen dokumentua “irakurterraza” dela esan dute.
Azterketaren helburua ondarrutarrek “herriaren argazki bat” egitea izan dela azpimarratu dute. Besteak beste, herriko nagusien kezkak eta horiek ikusi dituzten gabeziak batu dituzte, udalak zein herritarrek horien gainean lan egiteko gero. Eta horretarako herritarren egunerokotasunean eragiten duten hainbat ikerketa arlo jorratu dituzte. Honakoak: etxebizitza, garraioa, eraikinak eta aire zabaleko guneak, begirunea eta gizarteratzea, gizartean parte hartzea eta komunikazioa eta informazioa.
Aurkeztu berri duten diagnostikoagaz Ondarroa Lagunkoia egitasmoaren lehen fasearen oinarria ezarri dutela nabarmendu du herriko talde eragileak. “Aurrera begirako fase guztietan ere adinekoen lidergoa eta parte hartzea ezinbestekoa izango da. Proiektu honegaz adinekoak eurak protagonista bihurtu eta hitza eta lekua ematea lortu nahi da”.
Diagnostiko fasea amaitu ostean, hurrengo zeregina hirurteko ekintza plana diseinatzea eta aurrerapausoak hautemateko adierazleak finkatzea izango dela ere iragarri dute. “Ondarru Lagunkoia ez da diagnostiko honekin amaituko: lau fase ditu, eta aurrerapausoak ematen joango gara, etengabeko hobekuntzan oinarrituta. Diagnostikoan identifikatu diren aldagaiak aztertu eta datozen urteotako ibilbidea zehaztuko da Herri Lagunkoia proiektuaren talde eragilean”.