Plaiko Zubiaren kolore berdea mantenduko dutela iragarri dute
Zubiaren egitura metalikoa uztailean ipiniko dute jatorrizko lekuan. Egituraren muntaketa lanak zatika egingo dituzte, baina Ondarroan instalatu aurretik behin betiko egoera simulatuko duen proba batzuk egingo dituzte.
Ondarroako Plaiko Zubiaren eraberritze lanen zatirik handiena eginda dagoela jakitera eman du Bizkaiko Foru Aldundiak. Lanetan ari diren teknikarien aurreikuspenak betetzen badira, zubiaren egitura metalikoa uztailean ipiniko dute jatorrizko lekuan, eta 2019ko ekainean lekutik kendu baino lehen zeukan kolore bera mantendu du. Azpiegitura hasiera batean beste kolore batean margotuta ekarriko zutela zabaldu bazen ere, azkenean berdez eta beltzez margotuta ekarriko dutela iragarri du aldundiak. Hau da, zubiaren goiko aldeko barandak eta bozelak berdeak izango dira, eta egitura, ostera, beltza.
Aldundiak azpimarratu duenez, eraberritze lanak “konplexuak eta kontu handiz” egin beharrekoak izan dira. Zehaztu dutenez, bi esparrutan banatuta egin dituzte lanak: alde batetik, zubiaren zutabeak egonkortzeko lanak egiten aritu dira eta, bestetik, egitura metalikoa eraberritzeko lanak egin dira.
Zubiaren zutabeak egonkortzeko lanei dagokienez, zubiaren zimenduak sendotzeko mikropiloteak ipinita daudela esan dute. “Lanek zimenduak harkaitzezko oinarriaren gainean finkatzeko eta ainguratzeko balio izan dute. Lan horiei esker birgaitze lanetan hautemandako desplazamendua saihestuko da”. Orain momentuan, zubiaren egitura metalikora egokituko den geometria lortzeko lanak burutzen ari dira Galdakaoko Orion enpresako langileak. “Lan oso konplikatua da, doitze hori eskala milimetrikoan egin beharreko lana da eta”.
Egitura metalikoari dagokionez, birgaitze lanak eginda daudela esan dute. “Datozen asteetan lekualdatu eta ipiniko dute zubia bere lekuan, baina Ondarroan ipini aurretik proba batzuk egingo dituzte. Probei dagokienez, zubiaren egitura bi zutaberen gainean instalatuko dute, behin betiko egoera simulatuz. Proba horietan, gainera, kontrapisatzeko elementuak ere jarriko dituzte, besteak beste, oholtza, barandak eta biraketa mekanismoa”.
Zubia uztailean ipiniko dutela esan badute ere, epe hori “esku artean duten estimazio bat” dela nabarmendu dute aldundiko iturriek. “Gure lehentasuna gauzak ongi egitea da”. Muntaketa lanak “oso konplexuak” izango direla ere aurreratu dute. Lehenengo eta behin, zati guztiak ekarriko dituzte, eta horiek gero, apurka-apurka kokatzen joango dira. Duela bi urte egitura desmuntatu zutenean egin zuten antzeko prozesua egingo dutela esan dute, baina aurkako ordenan.
Birgaitze lanei esker, galduta eduki duen biratzeko gaitasuna berreskuratuko duela baieztatu dute aldundiko iturriek. Hori bai, hasieran pentsatzen zen moduan, zubia ez da guztiz originala izango. Esan dutenez, urteetako kresalak eta hezetasunak “nabarmen kaltetu eta hondatu” zuen azpiegitura, eta horregatik, ezinezkoa izan da zati gehienak berreskuratzea. Pieza askoren erreplikak egin beharrak eta kaltetuta zeuden zimenduak egonkortu beharrak zubia bere lekuan ipintzea nabarmen atzeratu dute.