Arrigorri hondartzako ziburuak astebetez itxita egongo dira konponketengatik
Cikautxoren eta Ondarroako Udalaren hitzarmenari esker, jolasguneko behegaina aldatuko dute. Lanak baliatuta, Plaza Gorriko behegainaren zati bat ere konponduko dute.
Datorren astelehenean [ekainak 7] Arrigorriko hondartzako umeen jolasguneko kautxuzko behegaina aldatzen hasiko dira. “Dagoen kautxuzko behegaina kendu eta behean dauden hondakinak eta hondarra garbitu ostean, urdin koloreko kautxuzko geruza berria botako dute”. Lanak astebete inguruan amaitzea aurreikusten dute, baina eguraldiak baldintzatuta egongo direla gaineratu dute. Azpimarratu dutenez, lanak dirauten tartean ziburuak dauden eremua itxita egongo da. “Oso garrantzitsua izango da lanek diharduten bitartean hesituta egongo den eremura inor ez sartzea, kautxozko behegaina behar modura egonkortzeko”.
Urteen joan-etorriaren eta hezetasunaren eta kresalaren eraginez, gaur egun dagoen kautxuzko zorua ez dagoela egoera onean esan du udalak. “Uda eta hondartza sasoia ate joka dauden honetan eta erabiltzaile kopurua asko handitzen den garai honetan, udalak egoki ikusi du behegain berria ipintzea”. Berriatuko Cikautxo kooperatibaren eta Ondarroako Udalaren elkarlanerako hitzarmenari esker kautxuzko behegain guztia berrituko dute.
Artabide kaleko Plaza Gorriko kautxuzko behegainak ere gutxinaka handitzen joan den zulo bat dauka. Cikautxorekin egindako hitzarmena zulo hori ere kautxuz estaltzeko baliatuko dutela gaineratu dute. “Arrigorriko lanekin batera egingo da konponketa hau”.