Frontoia eraberritzeko obra izango da Gizaburuagako aurrekontuko proiektu nagusia
Udalak duen aurrekontua mugatua dela jakinda, lanak bizpahiru urtetan burutuko dituzte. Pilotalekuko oinarrizko proiektua eta exekuzio proiektua idazten ari dira orain momentuan.
Gizaburuagako Udalak 512.000 euroko aurrekontua onartu du 2021erako. 2020ko urtekoarekin alderatuta 28.800 euro gehiago edukiko dituzte ekitaldi berrirako. Tokiko erakundeak aurrekontuaren ia %30a inbertsio errealeatara bideratuko du; guztira, 144.000 euro bideratuko dituzte, iaz baino 37.800 euro gehiago. Atal horretan gauzatuko den proiektu handiena frontoia handitzeko eta eraberritzeko proiektua izango dela nabarmendu dute.
Aurten proiektuaren lehen fasea eraman nahi dute aurrera, eta inbertituko duten diru kopurua zehazterik ez badago ere, inbertsioen zati handi bat bertara bideratuko dutela esan du Amaia Zabala alkateak. Frontoia handitu eta berrizteko hainbat lan egin behar direla kontuan hartuta, eta udalak duen aurrekontua ere mugatua dela jakinda, lanak bizpahiru urtetan burutzeko asmoa dutela agertu du agintariak. “Orain arte aurreztuta duguna eta hemendik aurrerako urte batzuetakoa ere, proiektu honetara bideratuko da”.
Urte amaiera aldera pilotalekua berrizten hasteko lanekin hasteko asmoa dute. “Oinarrizko proiektua eta exekuzio proiektua idazten ari dira orain momentuan, eta lanak lehiaketara atera eta esleitu ostean, lanekin hasteko asmoa daukagu”. Hainbat hobekuntza egin nahi dituzte, eta horretarako, proiektua idazteko lanak lehiaketara atera zituzten. Alkateak esan duenez, 26 proiektu aurkeztu ziren. “Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lau arkitektuk eta udalbatzako bi kideren artean osatutako epaimahaiak bost lan finalista aukeratu genituen. Horietatik bostetatik A+pi Oficina de Arquitecturaren proposamena aukeratu genuen”.
Inbertsioetara bideratutako beste diru sail bat Herriko Tabernako konponketak egiteko erabiltzen ari dira. Besteak beste, eraikinari inguratzaile termiko bat jarri behar izan diote. “Eraikin horren %52a udalarena da, eta konponketari dagozkion gastuak gure gain hartu ditugu”. Lanak martxoa hasieran hasi zituzten eta hilabete honen bukaeran amaituta egotea espero dute. Eraikinaren barruan ere bestelako konponketa eta obra txiki batzuk egin behar izan dituzte. “Etxebizitza bat ere badu tabernak, eta han ere obra txiki bat egin behar izan dugu”.
Hainbat auzo bide konpondu eta hobetzeko ere diru sail bat gorde dute; 30.000 euro inguru bideratuko dituzte horretarako. “Aurrerago ikusiko dugu zein bide konpondu”. Besteren artean, 65 urtetik gorakoentzako auzo taxi zerbitzua eta COVID-19 laguntzak ere inbertsioetara bideratutako diruarekin gauzatuko dituzte.