Baso Biziak, bestelako basogintza eredu bat bultzatzeko plataforma
Baserritar eta lurjabe guztiak bioaniztasunean, agroekologian, abeltzaintza ez intentsiboan eta jasangarritasunean oinarritutako basogintzan urratsak ematera gonbidatu dituzte. Momentuz, eukaliptoari moratoria jartzea ezinbestekoa dela diote.
Basogintza industrialari aurre egin eta bestelako basogintza eredu bat bultzatzeko sortu dira Baso Biziak izeneko taldeak hainbat herritan. Baserritar, lurjabe, herritar eta administrazioen elkarlanari esker, eta aldaketa “beharrezkoa eta posiblea” dela iritzita, bioaniztasuna berreskuratzeko bidean jarri direla diote. Hala, baserritar eta lurjabe guztiak bioaniztasunean, agroekologian, abeltzaintza ez intentsiboan eta jasangarritasunean oinarritutako basogintzan urratsak ematera gonbidatu dituzte. Plataforma osatzen dutenen artean daude Berriatuko Hostozabal elkartea eta Mutriku Natur Taldea.
Testuingurua kokatzeko, azaldu dute azken hamarkadetan basogintza industrialaren eraginez tonaka lur emankor galdu direla, eta urak eraman ez duena guztiz higatuta eta ahulduta ikus daitekeela nonahi. “Larrialdi klimatikoan bete-betean sartuta gauden aro honetan, ezinbestekoa da administrazioen erabakiek ingurumen eragin horiek kontuan edukitzea eta urrats garbiak ematea basogintzaren eredu arriskutsu hau aldatzeko”. Azpimarratu dute herritarrei ez ezik, administrazioei ere badagokiela trantsizio horren pizgarriak izatea, “hitzetatik ekintzetara pasatuz”.
Oro har, Baso Biziak izeneko taldeek eremu administratiboan eragin nahi dute: “Udaletan, mozioen bidez erabaki propioak hartzea nahi dugu. Hortik abiatuta, aldundietan eta Jaurlaritzan ere eragin nahi dugu”. Esan dute presio sozialaren eraginez emaitza jasotzen hasi direla eta bide horretan aurrera egitea “ezinbestekoa” ikusten dutela. “Krisia globala bada ere, guri erantzun lokalak ematea dagokigu, bai antolakuntzan eta baita ere alternatibetan”. Horregatik, baso bizien aldeko dinamikan bidelagun izan ditzaketen taldeekin harremanetan jarri nahi dute. “Guztiok gara beharrezkoak”.
Diru laguntzak basogintza eredu jasangarriari begira jarri behar direla diote, “bertoko basoak berreskuratu eta haiengandik jasotako onura sozialak (zerbitzu ekosistemikoak) sarituko dituena epe motzeko interes ekonomiko pribatuen gainetik”. Eskumen hori aldundiek dutela gaineratu dute.
Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote eukaliptoa espezie arrotz inbaditzaileen zerrendan sarzteko, gertuko lurraldeetan eragin duen “hondamendi ekologikoa” areagotu ez dadin
Azaldu dute orain arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gauza bat esan eta bestea baimentzen ari direla agintariak. “Horren adibide da pinuaren gaixotasunari eukaliptoaren landaketarekin erantzun izana. Monolaborantzan oinarritutako eredu industrial honek sortu dituen eta sortuko dituen kalte ekologikoak kuantifikatzea eta ordainaraztea eskatzen dugu”.
Horrekin guztiarekin, eta 2018an Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean egindako ikerketa bat abiapuntutzat hartuta, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote eukaliptoa espezie arrotz inbaditzaileen zerrendan sarzteko, gertuko lurraldeetan eragin duen “hondamendi ekologikoa” areagotu ez dadin. “Bitartean, eukaliptoari moratoria jartzea ezinbestekoa da, bere hedadura gelditu eta egun landatutako eremuetan atzerabidean jartzeko”.
Baso Biziak plataformako kideak:
- Arratiako ekologistak makatzak
- Araungo Otsotarrak
- Bergarako kukubaso
- Berriatuko Hostozabal
- Donostiako Haritzalde
- Eibarko Baso biziak
- Goierriko Landarlan
- Irungo artiako lagunak
- Mutrikuko Natur Taldea
- Soraluzeko Baso biziak
- Uhandre Amurrioko Baso biziak