Hondartzetarako "garraio publikoaren zerbitzua handitzeko" proposamena aurkeztu du EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan
Koalizio abertzaletik aldundiari eskatzen zaion neurrietako bat da Bizkaibusek Gernika-Lumotik eskaintzen duen lanzadera zerbitzua Ispaster eta Ea udalerrietara zabaltzea.
Raul Mendez Urigoitia EH Bilduko batzarkideak Bizkaiko hondartzetara joan-etorriak egiteko garraio publikoaren zerbitzua handitzeari buruzko arauz besteko proposamena aurkeztu zuen atzo [ekainak 3] Bizkaiko Batzar Nagusiek Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Batzordean urgentziaz eztabaidatu eta onartu dezaten.
Hondartza denboraldia hasita dagoela eta, koalizio abertzaleko kideen iritziz “urgentziazkoa” da hondartzetan pilaketak saihesteko eta garraio publikoan joan-etorriak bermatzeko neurriak hartzea: “Bizkaibusek eskaintzen duen zerbitzuak urria izaten jarraitzen du, maiztasun gutxirekin eta ordutegi oso mugatuekin”.
Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu egiten diote garraio publikoaren zerbitzua ahalik eta modurik eraginkorrenean emateko neurriak ezartzea. Hiru neurri zehaztu dituzte EH Bildukoek:
- Bizkaibusek Gernika-Lumotik eskaintzen duen lanzadera zerbitzua Ispaster eta Ea udalerrietara zabaltzea
- Bizkaibuseko hondartzetarako zerbitzua gutxienez 22:00ak arte luzatzea
- Hondartzetara gehien joaten diren orduetan Bizkaibuseko maiztasunak hobetzea.
Hiru adibide eman ditu Mendezek: Ibarrangeluko azken irteera 21:05ean da, eta autobusak 30 minuturo daude egun osoan, Elantxobeko azken irteera 21:05ean da, eta autobusak 60 minuturo daude, eta Lekeitioko azken irteera 20:50ean da, eta autobusak 120 minuturo daude.
Koalizioatik argudiatu dutenez, ekainaren 1ean hasi zen hondartzen denboraldia, eta horrek garraio publikoko zerbitzuen “erabiltzaile kopurua handitzea” ekarriko du Bizkaiko kostaldeko eremuetara: “Udan hondartzetarako mugikortasunaren igoera hori areagotu egingo da ibilgailu pribatuan egiten diren bidaiekin, eta horrek kutsadura handiagoa sortuko du CO2 isurketen bidez, ohiko karabanez eta aparkatzeko arazoez gain”.
Kostaldeko hainbat udalek aparkalekuak TAO sistemekin, egoiliarrentzat erreserbatutako espazioekin eta abarrekin arautu dituztela gogoratu dute, baina hondartzetako ibilgailu pribatuaren aparkalekuaren arazoa “etengabea” dela diote, eta hori “areagotu” egin dela COVID-19arekin eta hondartzetara eta alboko eremuetara sartzeko murrizketekin.