Markina-Xemeingo herriguneko mugikortasuna eraldatzen hasi dira
Herrigunean bizikletei eta oinezkoei lehentasuna ematea eta ibilgailuen abiadura murriztea dute helburu. Lanek bost aste iraungo dute.
Herriguneko mugikortasuna aldatuko duten lanak hasi ditu Markina-Xemeingo Udalak. Jakitera eman dutenez, gau eta egun egongo dira lanean, eta bost astez luzatuko direla aurreikusten dute. Lan horien guztien helburua besteak beste, “herrigunean bizikletei eta oinezkoei lehentasuna ematea, ibilgailuen abiadura murriztea eta Markina-Xemein seguru, eroso, jasangarri eta irisgarriagoa eraikitzea” dela azaldu dute.
Horrela, bizikletak ibilgailuentzako bide beretik ibiliko dira, eta lehentasuna izango dute herrigunean. Neurri berri horiek adierazteko, seinaleak jarriko dituzte herriko hainbat gunetan: «Bizikleten lehentasuna adierazteko seinale berriak jarriko dira eta errepidean bertan ere margotuko dira seinaleak».
Ibilgailuen abiadura murrizteko 30 km/orduko muga ere ezarriko dute. Ibilgailuak, beraz, abiadura horretan edo gutxiagoan ibili beharko dira herri barruan. Berez, neurri hau jada indarrean dagoela esan dute, “maiatzaren 11tik, 970/2020 Errege Dekretua indarrean sartu ondotik”, baina abiadura hori errespetatu behar dela gogorarazteko seinaleak jarriko dituzte eta errepidean ere seinaleak margotuko dituzte.
Bizikletak ez dira lehentasuna izango duten bakarrak; oinezkoei ere lehentasuna ematea da udalaren asmoa. Horrela, lehen bizikletentzako ziren udalerriko bide gorriak oinezkoentzako izango dira orain. Horrez gain, puntu batzuetan bide batzuk zabaldu ere egingo dituzte. “Oinezkoen ikurra jarriko da bide hauetan. Gainera, ikur inklusiboa izango da, edozein sexu identitaterekiko errespetuzkoa eta ez baztertzailea”.
Udalaren esanetan, ibilgailuen abiadura muga jaisteak oinezkoen eta bizikleten segurtasuna areagotzea eta arriskuak murriztea ekarriko du. “Horrekin batera, Markina-Xemein udalerri eroso, atsegin eta irisgarriagoa eraikitzeko bidean urrats garrantzitsua emango da”.
Abiadura muga ezartzeak kutsaduran ere eragin zuzena edukiko duela diote, “airearen kalitatea eta guztien osasuna hobetuz”. “Herritar guztion bizitzetan eragin positiboa izango duten aldaketak izango dira, baina, horretarako beharrezkoa izango da herritarren eta, bereziki, auto gidarien kontzientziazioa“.
Prozesu parte hartzailea. Azaldu dutenez, bizikleten ibilbidearen lanketa, prozesu parte hartzailea izan da: “Hasieratik, ibilbide sare hau herritar guztien artean osatzea izan da udalaren nahia. Hala, proiektuaren inguruko azalpenak emateko eta herritarren proposamenak jasotzeko saio irekiak egin dira udaletxean. Gainera, egitasmoa martxan jartzearekin batera, proiektu honen lehen proposamena eta prestaturiko planoa ikusgai izan dira bai udaletxeko panel informatiboetan eta baita sare sozialetan ere”.
Beste alde batetik, herriguneko segurtasuna areagotzeko beste neurri batzuk ere hartu ditu udalak. Alde batetik, Zelaiaren beheko parteko errepidea itxita egongo da asteburuetan: barikuetan 17:00etatik 21:00etara eta zapatuko 15:00etatik asteleheneko 07:30era. Joan den barikuan [ekainak 4] itxi zuten lehenengoz errepidea.
Bestalde, zebrabide berriak egin dira, azkena Bidarte Dorreko Parkearen parean, eta argiak ere jarri dituzte Abesua eta Erdotza etorbideko zebrabideetan, ibilgailu gehien igarotzen den guneak direlako.