Eusko Label Liga eta Euskotren Liga, ate joka
Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren denboraldi hasierako ekitaldia egin dute arratsaldean, Bilboko Azkuna Zentroan. A Coruñako Bandeira Concellorako txanden zozketa ere egin dute aurkezpen ekitaldian; Ondarroan lehen txandan eta Lekittarra bigarrenean uretaratuko dira.
Prest daude. Hiru aste barru Galizian hasiko dute denboraldia, eta gaur [ekainak 10] aurkeztu dituzte Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren aurtengo denboraldiak. #PrestGaude leloa erabiliko dute aurtengo udako estropadetan.
Bilboko Azkuna Zentroan arratsaldean egindako ekitaldiagaz, TKEko klubek, erakundeen eta babesleen babespean hasiera eman diote 2021eko denboraldiari, eta horien esanetan, aurtengoa ” inoiz baino zirraragarriagoa” izango da. Borja Rodrigo TKEren presidenteak adierazi du “dena antolatuta dagoela txukun hasteko”.
Aurkezpena hasteko, CaixaBank 2020 eta Euskotren Ligako patroi onenaren sariak eman dizkiete Santurtziko Asier Zurinagari eta Orioko Nadeth Agirreri. Horrekin batera, CaixaBank Koroak eta Euskotren erreplikak jaso dituzte iazko denboraldiaren bi ligetako txapeldunek.
Ondoren, denboraldiko lehenengo jardunaldiaren, A Coruñako Bandeira Concellora Banderaren txanden zozketa egin dute. Lehenengo txandan Urdaibai, Ondarroa, Hondarribia eta Zierbena ariko dira lehian. Bigarren txandan Lekittarra, Ares, Orio eta Santurtzi uretaratuko dira, eta Ghirugarren txandan Tiran, Cabo, Donostiarra eta Zarautz.
Traineruen Kluben Elkartearen bazkideek martxoan onartu zuten aurtengo egutegia. Esan modura, Eusko Label Liga eta Euskotren Liga uztailaren 3an hasiko dituzte, Galizian, Cidade da Coruña Bandeirak lehiatuta. Uztaileko eta abuztuko asteburu guztietan jokatuko dituzte estropadak, eta Kontxako bi asteburuen ondoren, urtero legez, Bermeon eta Portugaleten jaitsiera eta igoera kanporaketak lehiatuta amaituko dute denboraldia.
Gizonezkoen 12 traineruek 20 estropadako egutegia daukate. Aurtengo berrikuntza nagusia da Galiziara hiru bider bidaiatuko dutela. Emakumezkoen egutegia 12 jardunaldigaz osatu dute, eta ohi bezala, Zarautzen amaituko dute abuztuaren 15ean.
2021eko egutegia:
Uztailak 3-4. Cidade da Coruña Bandeira (A Coruña).
Uztailak 10. Donostiarra Bandera (Donostia)
Uztailak 11. Petronor Bandera (Zierbena)
Uztailak 17. Orioko Estropadak/Orio Kanpina Bandera (Orio)
Uztailak 18. Getxoko Estropaden Ikurriña (Getxo)
Uztailak 24. CaixaBank Bandera (Castro Urdiales)
Uztailak 25. El Correo Ikurriña/Euskotren Bandera (Lekeitio)
Uztailak 31. Bilboko Bandera (Bilbo)
Abuztuak 1. Santurtziko Ikurriña (Santurtzi)
Abuztuak 7. Barbanza Arousa Bandeira (Rianxo)
Abuztuak 8. Concello de Boiro Bandeira (Boiro)
Abuztuak 14-15. Zarauzko Estropadak/Zarauzko Ikurriña (Zarautz)
Abuztuak 21. Ondarroako Bandera (Ondarroa)
Abuztuak 22. Hondarribiko Bandera (Hondarribia)
Abuztuak 28. Concello de Ares Bandeira (Ares)
Abuztuak 29. Bandeira Concello de Moaña (Moaña)
Irailak 18. Bermeo Hiriko Ikurriña (Bermeo)
Irailak 19. Portugaleteko Bandera (Portugalete)