Leyre Arrieta historialari mutrikuarra, Espainiako Senatuan hizlari
Europar Mugimenduan euskaldunek izan zuten pisuaz aritu zen mutrikuarra.
Espainiako Senatuan Municheko elkar hartze makurraren 59. urteurren ospakizunen barruan egindako ekitaldi batean parte hartu du Leyre Arrieta historialari mutrikuarrak. Europar Mugimenduak gonbidatuta, astelehenean [ekainak 7] Europako Aretoan egindako Del Contubernio al Futuro de Europa: lecciones del pasado para la Conferencia sobre el Futuro de Europa mahai inguruan parte hartu zuen.
Alemanian egindako bilera historiko hark izan zuen garrantziaz aritu zen. “Halako ekitaldi batean parte hartzeak sekulako ilusioa egin zidan. Euskal abertzaleek Europar Mugimenduan edukitako parte hartzeaz aritu nintzen. Elkar hartze makur horren sorreran erbestean zeuden hainbat jeltzaleek parte hartu zuten”.
Historialari mutrikuarrak EAJk erbeste garaian aurrera eramandako politika europazaleei buruzko tesi bat burutu du, eta lan horretan jasotako hainbat gorabeherari buruz hitz egin zuela zehaztu du. “Municheko elkar hartze makurrari buruz argitaratu berri duten liburu bateko kapitulu batean parte hartu dut. Kapitulu horretan Europa Mugimenduan euskaldunek izan zuten pisuaz idatzi nuen, eta, nik uste, hortik sortu dela mahai inguru honetan parte hartzeko aukera ere. Europako Mugimendua, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan sortu zen Parisen, eta horri buruz hitz egin nuen mahai inguruan. Euskaldunek, egia esan, pisu handia eduki zuten mugimendu horren sorreran”.